(argazkia: Donostia Kultura)

Sara Uribe-Etxeberriak irabazi du Donostia Kultura VIII. Poesia Lehiaketa

Kuntzak eta kerak obragatik saritu dute zumaiarra. Epaimahaiaren arabera, “mundu eta atmosfera propioa dauka liburuak, poesiaren eta zientziaren arteko bidegurutze moduko bat. Lirikotasun landuz egiten du bidea, irudi eta gogoeta iradokigarriz betea.

Poesialdia egitarauaren baitan, idazle gazteei zuzendutako Donostia Kultura Poesia Lehiaketaren zortzigarren edizioaren sari banaketa egin da Udal Liburutegi Nagusiko Mandasko Dukearen aretoan. Aurtengo saritua Sara Uribe-Etxeberria Atxurra (Zumaia 2005) da, Kuntzak eta kerak obragatik.

Itxaro Bordak, Aritz Gorrotxategik eta Eli Tolaretxipik osatu dute epaimahaia eta euren aburuz, “mundu eta atmosfera propioa dauka liburuak, poesiaren eta zientziaren arteko bidegurutze moduko bat. Lirikotasun landuz egiten du bidea, irudi eta gogoeta iradokigarriz betea. Hizkuntza aldetik, ezohiko heldutasuna eta batasuna dauka tonuari eta egiturari dagokionez. Erreferentzia askotarikoak baliatzen ditu, hurbilak zein urrutikoak, arruntagoak zein jasoagoak. Askotariko gaiak agertzen dira liburuan zehar: poesiari buruzko gogoetak, belaunaldi kontuak, mina, kezka sozialak, giza izaerari buruzko gogoetak… Era berean, originaltasuna eta arriskua bilatzen du poemak josteko orduan”.

Aurtengo edizioan oso maila altua egon dela nabarmendu dute. “Lan irabazle bat aukeratu da, baina oso gertu egon da beste lan hau ere: Limoi ura zaurietan.

Poesia lehiaketa honen sari ekonomikoa 1000 eurokoa da; horretaz gain Imanol Larrinagaren margolan bat jaso du Uribe-Etxeberriak eta Balea Zuria argitaletxeak bere idazlana argitaratuko du. Azkenik, ekainean egingo den Poesia eta Pentsamendua saioan poemak errezitatu ahal izango ditu irabazleak.

Zabaldu:

Utzi erantzuna