(argazkia: Arigurri)

Sara Zozaya abeslariak bere lehen lan luzea kaleratu du ‘Nara’ izenpean

Diskoaren lehen aurkezpen kontzertua azaroaren 2an izango da Bilboko Kafe Antzokian.

Nara du izena Sara Zozaya musikariaren lehen lan luzea. Azken hiru urteetan mimoz landutako diskoa da eta horretarako lan handia egin duela aitortu du.

Abeslari donostiarrak lan berriaren hiru aurrerapen kanta argitaratu ditu jada: Misty, Caravan eta Maitia izenekoak. Abesti hauei beste zazpi gehitu dizkio Nara osatzeko: Lo (ft. Valdivia), Parece (ft. Amorante), xxx, Nara, The Sun (ft. Liam), Aingurak eta Uda. Balaunka diskoetxekoek adierazi dutenez, “Zabalak gustu onez ekoitzitako abestiek, Sara Zozayak aurretik beste lan batzuetan jorratutako iragan eta orainaldiko kontzeptuei jarraipen ezin hobea ematen diote”. Hala, “zerura begira pentsatzen, atsedena hartzea izan daiteke diskoa entzutean antzeman daitekeen sentsazioetako bat”, diote.

Caravan kanta esperientzien hasierara bueltatzea da, Lo beat zorrotz progresibo bat bihurtzen da, eta Parece erritmo zurrun eta frenetikoan lehertzen da”. Maitasunari eskainitako Maitia kantarekin jarraitzen du diskoak, eta Misty-k, berriz, bidea irekitzen dio diskoaren beste atal bati, “mapa oso bat zabaltzen du bertatik igarotzeko”. “Xxx-k haran perfektuko abesti gisa funtzionatzen du, eta Zozaya bere gailurrean dagoenean dirudienean, Nara homonimora, eraldaketa-lekura, eramaten gaitu. The Sun, pentsamenduetarako eta onirikorako erreserbatutako espazioa da. Aingurak ospakizun bat da eta, amaitzeko, Uda-k, akordeoiaz lagunduta, diskoa ixten du.

Albuma 2022ko uda amaieran grabatu zuen donostiarrak El Tigre Estudioan, Jon Agirrezabalaga soinu teknikariaren gidaritzapean. Argazkiei dagokienez, Arigurrirenak dira.

Diskoaren lehen aurkezpen kontzertua azaroaren 2an izango da Bilboko Kafe Antzokian.

Zabaldu: