“Osasun-baldintzak onak izanen direlarik, berriz antolatuko dugu”, adierazi du Jean Michel Garat lehendakariak ohar labur baten bidez”.
Euskal Herriko beste hainbat kultur ekimenekin gertatzen ari den bezala, Koronabirusaren krisiaren eraginez, antolatzaileek Sarako Idazleen Biltzarra, oraingoz, bertan behera uztea erabaki dute. 37. edizioa apirilaren 13an eta 14an egitekoa zen, baina antolatzaileek dataz aldatzea erabaki dute.
“Mezu honen bidez, jakinarazten dizuegu hurrengo apirilaren 13an eta 14an aurreikusia zen 37. Sarako Biltzar edizioa atzeratu beharko dugula; izan ere, osasun-baldintzak onak izanen direlarik, berriz antolatuko dugu”, adierazi du Jean Michel Garat lehendakariak ohar labur baten bidez. Data berria zein izan daitekeen ez dute aipatu oraindik.
Sarako Turismo Bulegoak eta Euskal Kultur Erakundeak antolatuta, Pazko astelehenean, jai eguna, izaten da urtero Sarako Idazleen Biltzarra. Lapurdiko herria euskal idazleen, irakurleen eta, oro har, kulturzaleen elkarretaratze gune bilakatzen da egun osoan zehar. Bereziki Ipar Euskal Herrian hondarreko urtean atera diren liburu eta diskoak biltzen ditu azoka honek.
Biltzarra 1984an egin zuten aurrenekoz, Pazko astelehenean. Omordiako geletan ospatzen hasi zen, baina 1993tik aurrera herriko kiroldegian burutzen da. Ekimenak hastapenetik helburu bera izan du: egun berean, toki batean, Euskal Herrian bizi edo honetaz ari diren idazleen biltzea, euskaldunak izan ala ez.