Sarasate pasealekuari eta Iruñeko sorginei buruzko historia hizpide ekainean antolatu dituzten ibilaldi gidatuetan

Ekainaren 4a, 11n eta 18an izango dira bisita gidatuak euskaraz.

Iruñeko Udalak eta Nafar Ateneoak Sarasate pasealekuari eta Iruñeko sorginei buruzko historia kontatuko dute, ekainean antolatu dituzten euskarazko ibilaldi gidatuetan. Bi entitateak elkarlanean ari dira euskarazko kultur programa martxan jartzeko: besteak beste, hitzaldiak, musika-emanaldiak, errezitaldiak eta ikus-entzunezkoen emanaldiak antolatu dituzte. Ibilaldi gidatuak doakoak izango dira, eta aldea aurretik izena eman beharko da euskera@ateneonavarro.es helbide elektronikora idatzita.

Ekainaren 4an eta 11an egingo dituzte Sarasate pasalekuari buruzko ibilaldi gidatuak. “Egungo pasealekuan barna ibiliko gara: behinola lokazti bat izan zen eremu hori, eta San Nikolas burguko harresiko lubanarroa estaltzen zuen. XVI. mendean harresi berri bat eraiki zuten, eta ondorioz, lubakia estali zuten, eta Alde Zaharraren muga bihurtu”, azaldu dute antolatzaileek. 1853tik aurrera ofizialki Valentzia kalea jarri zioten izena, baina urte batzuk lehenagotik zetorren izen hori: antza denez, Prudencio Valencia eskribauaren omenez jarri zioten izen hori.

1903an, Udalak kale hori bulebar izatea ukatu zuen arren, pasealeku izan zedila onartu, eta gunearen izena aldatu zuen: Pablo Sarasate jarri zion izena, musikari eta konpositore iruindarraren omenez. Gunearen beste aldeko muga gaur egungo parlamentua zen, baina beste eraikin bat zegoen garai hartan. Gamazada ere garai horretan gertatu zen, eta gertakari historiko horren isla da pasealekuko Foruen monumentua. Jabier Mangadok gidatuko ditu bisitak, eta 17:00etan hasiko dira, Foruen Monumentutik abiatuta.

Hiriko ibilaldi gidatuen programari amaiera emateko, sorginei buruzko bisita bat antolatu dute ekainaren 18rako, asteazkena. Irati Zurbano Zuazo arituko da gidari-lanetan. Zurbano historialaria da, eta Zugarramurdiko Sorginen Museoarekin elkarlanean ari da; Aro Modernoan gertatu ziren sorginen ehizaldien bereizgarri diren salaketak, epaiketak, erreketak, torturak, erbestealdiak, pobrezia eta marjinazioa izango ditu hizpide; nafarrek gertakari horiek nola bizi izan zituzten azalduko du, eta ehizaldiaren lekuko izan ziren Iruñeko lekuetan barna ibiliko da. Ibilaldia 17:00etan hasiko da, eta Taconerako San Nikolas portaletik irtengo dira.

Zabaldu:

Utzi erantzuna