Josune Velez de Mendizabalen 'Munstro baten etxean solasean'

Scratxe gaua antolatu dute aurten ere Gasteizen

Prozesuan dauden lan eszenikoak aurkezten dituen programazio alternatiboa da honakoa, hitzordua irailaren 21ean izango da.

Datorren irailaren 21ean berriz ere itzuliko Scratxe gaua Gasteizera. Antolatzaileek azaldu dutenez, “prozesuan dauden lan eszenikoak aurkezten dituen programazio alternatiboa da ekimena; ideiak probatzeko, esperimentatzeko eta ikusleen erreakzioa eta iritzia aztertzeko. Feedback hori oso aberasgarria da beti bi aldeentzat, eta proiektuaren helburu garrantzitsua”.

Ekimen berezi honekin gainera, Baratza aretoak 2024-25 denboraldiari hasiera emango dio.

Jaialdia Arroxbola Sormen Kolektiboak eta Baratza aretoak antolatu dute eta maiatzean irekitako deialdira aurkeztutako lanetatik hautatutako diziplina oso desberdinetako bost proposamenekin dator.

Hala, Irene Ducajuk Res intima, el órgano de la podredumbre blanca lanarekin abiatuko da gaua. “Dantza garaikideko saio bat da, gorputzak bere burua astintzeko, bere biografia husteko eta intimitatea bere erabilera publikoan potentzial iraultzaile gisa adierazteko duen nahitik sortua.

Ondoren, Huellas Kolektiboak, emakume libreen topaketa, beren bilaketa eta ikerketa prozesuak harilkatuz, memoria eta dantza zatiak ehunduz, In situ. Flamenco performance lab aurkeztuko du, performancetik eta inprobisaziotik sortutako pieza. Jarraian, Josune Velez de Mendizabalek Munstro baten etxean solasean aurkeztuko du, duela urte batzuk Nestor Basterretxeari elkarrizketa bat egin zionean bizi izan zuen esperientzia da. Elkarrizketa paperean argitaratu zen, baina hori izan zen kasete batean jasota geratu zena. “84 30. Isilunea. Nerbioak. Nola sartuko zinateke munstro baten etxean?”.

Saioa Bañalesek, bere aldetik, Mozart (a) livek musika klasikorako bide berriak ireki nahi dituen soinu pieza bat sortuko du, dagoen eremu esklusibistatik ateraz eta komunitatera hurbiltzeko. Horrela tradizioa eta modernitatea batera existitu eta elkar aberastu daitezkeela erakutsiko du.

Azkenik, Darwin Elsok Meritocracia. Siga participando aurkeztuko du. Madrilen bizi den dantzari txiletar baten begiradaren bidez, arte eszenikoetarako finantzaketari buruzko hitzaldi performatibo bat da. Proposamena artista azken hilabeteetan garatzen aritu den ikerketa lan bat da eta bertaratutakoekin partekatuko du.

Aurtengo nobedade gisa, Pradillo Antzokiak jaialdiarekin elkarlanean jardungo du, proposamenetako bati egonaldi artistiko bat eskainiz.

Scratxe gaurako sarrerak http://www.salabaratza.com webgunean daude eskuragarri. Emanaldiak 20:00etan hasiko dira, baina ateak 19:30etik aurrera egongo dira zabalik.

Zabaldu:

Utzi erantzuna