Scratxe gaua antolatu dute Gasteizen

Prozesuan dauden lan eszeneikoak aurkezten dituen programazio alternatiboa da honakoa, hitzordua azaroaren 19an eta 20an izango da.

2009an, Scratxe gauaren lehen edizioa egin zenetik dozenaka konpainia eta artista pasatu dira bertatik, prozesuan dauden proiektu eszenikoak publikoarekin partekatu nahi izan dituztenak. Datorren azaroaren 19an eta 20an, berriz ere itzuliko Scratxe gaua Gasteizera. Antolatzaileek azaldu dutenez, “prozesuan dauden lan eszeneikoak aurkezten dituen programazio alternatiboa da ekimena; ideiak probatzeko, esperimentatzeko eta ikusleen erreakzioa eta iritzia aztertzeko. Feedback hori oso aberasgarria da eta proiektuak bultzatzen jarraitzen duen motorra da”.

Jaialdia Arroxbola Sormen Kolektiboak eta Baratza aretoak antolatu dute eta 16. edizio honetan bost ekoizpen hautatu dira. “Bilbotik, Estatu espainiarretik, Austriatik… iritsitako piezek askotariko estiloak eskainiko dizkigute: performancea, musika, dantza, antzerkia”. Gaiak eta hausnarketak bata bestearen atzetik joango dira, eta, behingoz, espero zen topaketa egingo da bertaratutako publikoarekin.

Hau izango da Scratxe gaueko egitaraua: Cia Analogica, Rocio Tejeda eta Olaia Valleren Lo que pasa mientras lana. Prozesu sortzaile bat erakutsiko dute, prozesu horren helburu nagusia mugimenduan oinarrituta, erorketari buruzko ikerketa zizelkatu bat egitea da. Izarne Oyarzabal artistak Ensayo de forma taularatuko du. Koreografia baten entsegua, idazteko, artxibatzeko eta entzuteko moduaren ideiatik abiatuta. Maria Stadloberren Wild, poesiaz beteriko performance-kontzertua. Diego Carrascok Ifigenia entre los tauros bere instalazio eszenikoarekin, mitora modu anakronikoan hurbilduko gaitu eta zoriontasunari buruz hausnartuko du. Amaitzeko, Gal Levinsonen Entre ropa ikuskizunak arropa eta gorputza arakatuko ditu, moda, objektu, sexualitate eta erotismoarekin beste harreman batzuk aurkitzeko leku intimo bat irekiz.

Mikel Tejadaren lanaren antzeztea

Larunbateko Scratxe gau luzearen ondoren, azaroaren 20an, igandea, Mikel Tejadak El astronauta cojo lana estreinatuko du. “Emozio erreprimituen mundua eta familiaren herentziari aurre egiteko borroka aztertzen dituen bidaia. Lana Baratzako egonaldi batean egin da 2021ean”.

Sarrerak salgai

Ekimenerako sarrerak eskuragarri daude jada www.salabaratza.com webgunean.

Aldez aurreko sarrerak 8€-ko prezioa du (10€ leihatilan). Larunbateko emanaldiak 20:00etan hasiko dira eta igandekoak 19:00etan.

Zabaldu: