Sebastien Lifshitz zuzendari frantsesarentzat Zinegoak 2021 Ohorezko Saria

Zinemagileak Bilbon jasoko du saria eta Petite Fille bere azken filmaren emanaldi berezi batean parte hartuko du.

Bilboko gaylesbitrans zinema eta arte eszenikoen jaialdiak Sébastien Lifshitz (Paris, 1968) gidoilari eta zuzendari frantziarraren “konpromiso sozial eta emozionala” aitortu nahi izan du. Pau Guillen Zinegoak-eko zuzendariaren hitzetan, “Lifshitzek gaitasun handia du kontakizun filmikoa modu organiko eta gizatiarrean eraikitzeko. Gainera, formatu dokumentalaren aldeko apustua egin du beti, gizartea eraldatzeko erreminta modura ulertzen duelako. Horregatik guztiagatik erabaki dugu Zinegoak-en dugun saririk gorenena berari ematea”.

Lifshitzek sexu, identitate eta genero aniztasuna landu du bere ibilbide profesional oparoan, eta Zinegoak-en hainbat aldiz parte hartu izan du, baita sariak jaso ere. Wild side lanarekin Film Onenaren Saria lortu zuen Zinegoak-eko lehenengo edizioan, 2004an. Bambi filmarekin, berriz, Lesbianismo eta Generoa saria jaso zuen 2014. urtean, eta Les vies de Thérèse dokumentala 2016ko inaugurazio filma izan zen.

Guillenek adierazi duenez, “zinegile frantziarrak giza esentziaren funtsezko gaiak lantzen ditu LGTBI+ errealitateak abiapuntutzat hartuta. Bere lan guztiek eraldatu eta aberasten gaituzte, eta gizartea hobetzea dute helburu”.

Nazioartean ere sari ugari jaso ditu Lifshitzek: Jean Vigo saria, Berlinaleko Teddy bi edo epaimahaiaren Sari Nagusia Xixoneko Zine Jaialdian. “Dokumentalista honek oso ibilbide sendoa eraiki du bere begirada sentibera eta bereziari eutsiz. Gure gizartean ikusezinak edo baztertuak izan diren horiei ikusgarritasuna eman die, duintasuna eta gizatasuna eskainiz”.

Otsailaren 28an, Parisko zinemagilea Bilbon izango da Ohorezko Saria jaso eta bere azken lana aurkezteko asmoz, Petite Fille. Proiekzioa Bilboko Alondegiako auditorioan izango da, 12:00etan, doako sarrerarekin (gonbidapenak jaso daitezke gaurtik aurrera).

Gainera, jaialdiak aurtengo Ohorezko Saridun honen atzera begirakoa eskainiko du. Aurrez aurre BilbaoArte aretoan gozatu ahal izan da, doan, eta online bidez Filmin plataforman.

Zabaldu: