Segundoak irauten duen erresuma efimero horretan

Mikel Etxaburu idazleak Ahaztu baino lehen, ama poema liburua aurkeztu du Pamiela argitaletxearen eskutik.

“Baneki non bizi diren zure oroitzak/ banaka-banaka bildu eta/ daroazun txabusina gorriko patrikan gordeko nizkizuke/ mendazko karameluak gordetzen dituzun patrika berean,/ horrela, bakardadeak gogoa sumintzen dizunean,/ karameluen ordez/ miazkatu ahal izango zenituzke oroitza galduak”, dugu Mikel Etxaburuk (Ondarroa, 1969) aurkeztu duen Ahaztu baino lehen, ama liburuaren poemetako bat. Idazlea duela hiru urte hasi zen lan berria ontzen. Bertan, bere amari idatzitako poemak bildu ditu, “liburuan badira memoriak, desmemoriak, heriotzak, beldurrak eta, batez ere, bizitzak”, azaldu du.

Egileak “poema biluziak” direla dio, baita “txikiak” ere. “Txikiaren edertasuna aldarrikatzen dut, poema biluzi hauen bidez horrelako oihartzun bat bilatzen saiatu naizelako irakurlearengan, poema bat irakurri eta boteprontoan zeozer sorraraztea. Uste, zirrara, sentimendu edo beldur bat sorraraziko dituen poemak egiten ahalegindu naiz”.

Etxabururi ez zaio erraza egiten poema hauen inguruan hitz egitea, “gure ama nagusia da, bizitzaren azken zatian dago, beste makinatxo bat ama eta aita bezala, maite ditugun askoren moduan eta horretaz hitz egiten da liburuan, eguneroko gauzak oinarri hartuta”.

Egileak amari kantatzen eta idazten dio, “batzuek diote memoria garela eta memoriarik gabe ez garela ezer, gorputz bat garela, era batera edo bestera espazio bat okupatzen duen eremu solido bat baino ez. Nik uste dut eremu hori ere badela, zeozer badela, eta gure ama bada, sofa txikian. Nik presentzia horri kantatzen diot, presentzia horri idazten diot, arrakala horri ere bai, gure amari. Desmemoriak beti uzten duelako arrastoa orainaldian, eta arrasto horretan, segundoak irauten duen erresuma efimero horietan ikasi dugulako kanpatzen”.

Etxaburuk laugarren poema liburua du Ahaztu baino lehen, ama. Aurretik, Zu zara orain txoria (Elkar, 2011), Hodeiak zapatetan (Susa, 2014) eta Lo zaudela zabaldu dizkizut begiak (Erein, 2016) lanak kaleratu ditu.

Liburuan oinarritutako kanta

Keu Agirretxea musikariak Ahaztu baino lehen, ama poema liburuan oinarritutako abestia ere sortu du.

Zabaldu: