Sehaska-kantak entzunez, denboran kulunkatzeko aukera emango du Bercer le Temps talde kanadarrak Hernanin

Ahoz Aho jaialdiaren baitan, Lullyng Time soinu-instalazio parte-hartzailea  egongo da apirilaren 4an eta 5ean Plaza Berrian eta Txillida Lekun.

Ahoz Aho, ahozkotasunaren nazioarteko jaialdiaren eskutik, ekimen berezi batez gozatzeko aukera izango dute Hernanin apirilaren 4an eta 5ean: Kanadako Bercer le Temps taldearen Lullyng Time soinu-instalazioa, mundu osoko sehaska-kantak entzuteko aukerarekin.

Antolatzaileek azaldu dutenez, “soinu-instalazio parte-hartzaile honek kulunkaulkian eseri eta 90 hizkuntza baino gehiagotan abestutako sehaska-kantak ezagutzeko aukera emango du”. Bercer le Temps taldea 2016an hasi zen soinu-artxibo hau osatzen eta ordutik, 1.500 pertsona inguruk parte hartu dute proiektuan. Bercer le Temps taldea Sarah Dell´Avak, Ilya Krouglikovek eta Wolfram Sanderrek osatzen dute.

Bi egunez, bi tokitan

Bercer le Temps taldea furgoneta batean ibiltzen da hara eta hona. Hain zuzen ere, furgoneta hori Hernaniko Plaza Berrian egongo da apirilaren 4an (ostirala), arratsaldeko 16:00etatik 21:00etara (euria eginez gero, Atsegindegin). Biharamunean, berriz, 11:00etatik 17:00etara Txillida Leku museoan egongo da (egun horretan, hernaniarrek dohainik izango dute museoko sarrera).

Talde kanadarrak, Hernanitik joaterakoan, kulunkaulki horietako bat udal liburutegian utziko du bi hilabetez (ekainera arte). Hala, bertaratu nahi dutenek eseri eta sehaska kantak entzuteko aukera izango dute.

Zabaldu:

Utzi erantzuna