(argazkia: Kulturaz kooperatiba)

Sei taldek edota musikarik sormen egonaldiak egingo dituzte ‘Arkupehotsak’ proietuaren bidez, Azpeitin

Sortzaile berriei jardunerako tresnak eskaintzea, inguruan ditugun sortzaileak balioan jartzea eta belaunaldi berriei plaza bat ematea dira proiektuaren xedeak.

2017an Azpeitiko Kulturaz kooperatibak abian jarritako proiektua da Arkupehotsak. Jada lau edizio osatu ditu sortzaile berrien plaza izan nahi duen proiektuak. Tarte honetan dozenaka taldek zapaldu dute Sanagustin arkupeko oholtza. Bitartean Kulturaz kooperatibaren proiektua bera ere osatzen joan da; ekitaldietatik haratago sormen eta transmisio proiektu ugari garatzen ditu orain.

Laster, esaterako, Dinamoa sormen guneko soinuaren eremua irekiko da eta, honi lotuta, Arkupehotsak ekimenari beste gorputz bat eman nahi izan diote, esperientzia osoago bat eskainiz: “musika sortu, formatu, prestatu eta plazaratzeko aukera bat.  Doinu berrien plaza ez ezik, laborategia, ikasteko eta esperimentatzeko espazioa izango da Arkupehotsak”, azaldu dute.

Hala, musika talde edo bakarlari gazteei bi asteburutarako sormen egonaldiak eskainiko zaizkie Dinamoko soinuaren eremuan. Bertan, sortzeko eta entseatzeko espazioa ez ezik, formazio teknikoa eta musikari ezagun baten bidelaguntza izango dute. Egonaldiaren amaieran, berriz, kontzertua eskainiko dute Sanagustin kulturgunean.

Egonaldi bakoitzean musikari bidelagun bat izango dute talde edo bakarlariek. Arkupehotsak-en bidelagun gisa parte hartuko dute, besteak beste, Olatz Salvador eta Tomas Lizarazuk. Musika estilo desberdinak jorratzen dituzten sei bidelagunek parte hartuko dute Arkupehotsak-en edizio berritu honetan.

16 eta 25 urte bitarteko talde edo musikariei zuzenduta dago ekimena. Uztailaren 15a baino lehen eman ahal izango da izena, hemen. “Sortzaile berriei jardunerako tresnak eskaintzea, inguruan ditugun sortzaileak balioan jartzea eta belaunaldi berriei plaza bat ematea dira proiektuaren xedeak”.

Zabaldu: