Sei taldek parte hartuko dute Kutxa Kultur Musika programan

Martin de Marte, J. Largo, Sara Azurza, Mugan, Ramona’s First Evil Boyfriend eta Blanquita Carraquela dira egonaldi programan parte hartuko duten talde eta artistak.

Kutxa Kultur Musikak 2021 Egonaldien programan parte hartzeko banda-hautaketa aurkeztu du. Guztira, 107 proposamen aurkeztu dira deialdira, denak musikari gipuzkoarrak. Antolakuntzak adierazi duenez, “ezusteko atsegina izan da berriro ere jasotako proposamenen kopurua, kontuan izanik pandemiaren ondorioz lurraldeko talde amateur gehienek ezin izan dutela erregulartasunez entseatu, ezta kontzerturik eman ere. Hala ere, argi geratu da hobetzeko eta musikaren industrian beren lekua egiteko gogoz jarraitzen dutela”.

Aurreko edizioko lurralde-banaketa orekatua ere mantendu egin da, eta Donostialdekoez gain, Bidasoa, Debagoiena eta Debabarrena, Urola Kosta eta Tolosaldeko proposamenak ere iritsi dira. Azaldu dutenez, lehen aldiz, aurkeztutako taldeen % 70ek euskarazko abestiren bat daukate. Gainera, “proposamenetako 49tan emakumezkoak daude taldekideen artean”.

Bestalde, proposamenen kalitatea oso handia izan dela nabarmendu nahi izan dute antolatzaileek, “egile-proiektu banaka batzuk ere jaso ditugu, pertsonalak, karismadunak, bluesari lotutako proposamen batzuk, eta talde askok egungo eran definitu dute beren musika, patroi klasikoetatik urrun, rocka, pop rocka, indiea eta elektronika ildo nagusia izanik”. “Uste dugu hautaturiko sei proiektuek hazteko ahalmen handia dutela, eta Kutxa Kultur-etik bidean laguntzeko apustua egingo dugu”.

Hauek dira egonaldi programan parte hartuko duten talde eta artistak: Martin de Marte (Zarautz; rock, jazz, indie eta psychodelia), J. Largo (Jon Usabiaga; rapa), Sara Azurza (Donostia; pop, soula), Mugan (Donostia, folk, popa), Ramona’s First Evil Boyfriend (lo-fi, dream pop eta folka) eta Blanquita Carraquela (Asier Beramendi, rapa).

Antolakuntzaren esanetan, bilerak egingo dituzte taldeekin, bakoitzaren premiak argitzeko, eta talde edo bakarlariekin adosturiko estrategia ezarriko da gero. Entsegu lokala ere eskainiko diete, Tabakaleran. Honetaz gain, prestakuntza ere eskainiko diete hautatuei, musika industriarekin lotutako hainbat arlotan, eta kanpoko estudio profesional batean grabatzea eta 1.200 eurora arteko bideoklip profesional bat egitea eskainiko diete. Halaber, hainbat kontzertu antolatuko dituzte talde eta bakarlariokin.

Zabaldu: