'Maddiren trajeria' pastorala

‘Simone Veil’ eta ‘Maddiren trajeria’ pastoralak emango dituzte aurten Euskal Herrian

Aurten bi pastoral prestatzen ari dira Euskal Herrian. Lehena, uda honetan eskainiko dute Muskildin eta bigarrena, berriz, udazkenean Xaretan.

Hur Xenda elkarteak hilabeteak eman ditu lanean Simone Veil pastorala antolatzen. Battitta Berrogainek idatzi du istorioa, Maite Davant errejenta da, eta Sophie Larrandaburu kantoreen eramailea.

Gaiari dagokionez, Simone Veil Auschwitz-Birkenauko kontzentrazio esparruetara eraman zuten 17 urte zituenean, 1943an. Handik irten zenean, bizi osoan jendeen eskubideen alde aritu zen lanean. Hasteko, magistratu gisa, Frantziako kartzeletako presoen bizi baldintzen alde; oroz gainetik, emazte presoen alde. Frantziako Osagarri ministro izatera heldu zen, Jacques Chiracen gobernuan. Abortua legeztatzearen alde borrokatu zen ministro gisa, 1974an, eta ondoko urtean bere izena daraman legea onartu zen: Veil legea. 1979an, Europako Parlamentuko lehen lehendakaria izan zen garaian, lan handia egin zuen Alemania eta Frantziaren arteko harreman baketsuen alde.

Ikuskizuna hiru aldiz aurkeztuko dute Muskildin uda honetan: lehena uztailaren 24an izango da, igandea, bigarrena, berriz, uztailaren 31n, igandea, eta hirugarrena abuztuaren 6an, larunbata, denak 15:30ean.

Sarrerak salgai daude jada https://www.helloasso.com/associations/xenda-berriak webgunean eta ondoko gune hauetan: Mauleko Euskalduna jatetxean, Atharratzeko M’Aud arropoa saltegian, Donapaleuko La ferme Souletine saltegian, Donibane Garaziko Paris epizerian eta Baionako Elkar dendan.

Maddiren trajeria

Zugarramurdi, Sara, Urdazubi eta Ainhoako biztanleek bat egin dute Gerardo Mungia Pintx iruindarrak idatzi duen Maddiren trajeria pastoralean parte hartzeko. “Behin batean, ez dakigu nola, sorginen bidean, neska gazte bat oreina bilakatu zen. Tragedia gertatuko zen ehiztariaren zakurrek hil zutenean”… Piarres Lafitteren bertsoak ezagunak egin zituen Benito Lertxundiren Mayi kantak eta hauetan oinarritu da idazlea kondaira hau moldatzeko.

Emanaldiak urriaren 15ean eta 16an izango dira Zugarramurdiko leizean eta urriaren 22an eta 23an Saran. Informazio gehiagorako: https://www.facebook.com/maddipastorala.

Zabaldu: