Donostiako Museoko klaustroan egongo dira ikusgai 2022ko urtarrilaren 16ra arte.
Donostiako San Telmo Museoak, Euskaltzaindiak eta Idoubeda oros egitasmoak Euskal sustraiko jende izenak erromatar epigrafian. Soriako Tierras Altasko hilarriak erakusketa antolatu dute elkarlanean.
Erakusketak Soriako Tierras Altas eskualdean aurkitutako hainbat objektu arkeologikotan du jatorria, tartean orain museoan ikus daitezkeen sei hilarriak.
Eduardo Alfaro arkeologo eta ikerlaria Idoubeda oros egitasmoan lanean ari da eta euskararekin lotutako inskripziodun hilarri hauek ikertzeaz gain, erakusketa bat prestatu zuen Sorian 2019. urtean. Donostiara etorri aurretik, Bergarako Laboratorium Museoan muntatu zen, baina pandemiak eragin nabarmena izan zuen egitasmo hartan. Orain, erakusketa ikusteko aukera berri bat eskaintzen du Donostiako Museoak.
Hala, 2022ko urtarrilaren 16ra arte, San Telmoko klaustroan bisitatu ahal izango da erakusketa. Pieza arkeologikoen ondoan, besteak beste, Joakin Gorrotxategi irakasle eta euskaltzain urgazleak egindako azterketa eta iruzkin linguistikoak jasotzen ditu erakusketak.
Orain arte eskualde horretan topatu diren berrogei hilarrietatik, sei bildu dira erakusketarako, lagin adierazgarri gisa. Ikus daitekeen zazpigarrena, bestalde, baskoien iparraldeko Oiasso hiriaren eremutik datorren Andrearriagako estela da, San Telmo Museoko bildumakoa, eta bertako erakusketa iraunkorrean egoten dena.
Soriako Tierras Altas eskualdean aurkitutako erromatar epigrafeei esker, bertan gure aroko lehen mendeetan bizi zen jendearen heriotzarekiko erritu eta sinesmenen berri dugu. Inperioko lurralde gehienetan bezala, latinez idatzita daude, baina aldi berean bertako jendearen izen indigenak agertzen dira. Azken ikerketen arabera, hauetako batzuk euskal-akitaniar antroponimiaren ikuspuntutik azal daitezke, euskararen historiarako garrantzitsuak diren aztarnak baskoiei zegozkien Ebro ibaiaz bestaldeko lurretan kokatuz.
Eskualde horretako jendearen jatorria, beraz, beren izen indigenetan islatzen da. Azken hamarkadetako aurkikuntzen aurretik, ezagunak ziren izen indigena urriak Soriako eta Ebro ibarreko ustezko hizkuntzekin lotzen ziren, hau da, zeltiberierarekin eta iberierarekin. Geroztik hona nabarmendu denez, ia ez dago zeltiberierazko izenik lurralde horretan, Numantziatik gertu egon arren; aldiz, askok egungo euskararen aurrekariak ziren akitanieraren eta baskoieraren ezaugarriak dituzte.