(argazkia: Galdakaoko Udala)

Sorkuntza, transmisioa, amatasuna eta euskara izango ditu ardatz Galdakaoko Sormene plazak

Prestatutako egitaraua “edukietan oinarritutakoa” izan dela nabarmendu dute antolatzaileek, hau da, Sormeneren ildoetara eta helburuetara bideratutako edukiak direla ikusgai egongo direnak. 

Sormene Galdakaoko sorkuntzen plazaren edizio berria aurkeztu dute gaur prentsaurrekoan eta udaberrian ez bezala, udazkeneko edizioa Torrezabal Kultur Etxean izango da azaroaren 10etik 13ra. Sormene “euskal sortzaileentzako plaza da”, Edurne Espilla Euskara zinegotziak nabarmendu duenez: “Galdakaoko zein Euskal Herriko sortzaileentzako, hasi berriak direnentzako eta eskarmentua dutenentzako, kultur adierazpide guztientzako plaza da”. Ildo horretatik azpimarratu du Sormene emakume sortzaileen plaza ere badela. Aniztasun horren isla izango da Galdakao udazken honetan ere.

Iñigo Hernando Galdakaoko alkateak bere aldetik adierazi duenez, “Udalak apustua egin zuen Sormene moduko ekimena aurrera eramateko”, eta horri esker euskarak eta kulturak “erreferentzialtasuna lortu” dute Galdakaon eta inguruan: “Hutsunea zegoen eta Galdakaok erreferentziazko tokia hartu du”. Hernandok gaineratu du oso garrantzitsua dela herrian ekimen hau egotea eta egitasmoa gero eta ertz gehiagoz aberastea pozteko arrazoia dela.

Sormeneren ohiko lan ildoak diren sorkuntza, transmisioa eta euskarari amatasuna gehitu zaie oraingoan; izan ere, azken aldi honetan asko plazaratu da amatasunaren gaia, Gotzon Barandiaran Sormeneren zuzendari artistikoak azpimarratu duenez.

Egitaraua

Azaroaren 10ean, goizean ilustrazio tailerrak ikasleentzat izango dira Eider Eibarrren eskutik. Amatasunaz, sorkuntzaz, transmisioaz eta euskaraz margotuko dute Galdakaoko ikasleek tailerrean. 19:00etan, Euskaraz sortu emanaldi berezia eskainiko da Euskaraldiaren alde: Ane Labaka eta Miren Amuriza bertsolari eta idazleek emanaldia gidatu eta iruzkinduko dute bertsotan; Esti Markez musikariak eta Danae Riaño musikari eta aktoreak Markezen Hitzekin jolasean disko berriaren lagin bat eskainiko dute, eta azkenik, Nagore Muriell zinemagileak Erro bi film laburra aurkeztuko du. Emanaldian herriko sortzaileak ere izango dira.

Azaroaren 11n, berriz, goizean dantza tailerra izango da ikasleentzat Oier Araolazaren eskutik eta 20:00etan, dantza eta bertsoa uztartzen duen AMAraun ikuskizuna aurkeztuko dute Oihana Iguaranek eta Amaiur Luluagak.

Azaroaren 12an, arratsaldeko 17:30ean, familia osoarentzako ikuskizunaz disfrutatzeko aukera egongo da: Marie de Jongj konpainiaren Amour. Maitasuna zentzu guztietan erakusten da obra honetan. Gaueko 22:00etan, Neomak taldeak diskoa aurkeztuko du. Ane Legarreta orkesta zuzendariak nabarmendu duenez, “gaurkotasuna, freskura eta bikaintasuna erakutsiko dute folka eta musika elektronikoa uztartuz eta proposamen deigarria sortuz. Estetika aurrerazalearekin erreferente bihurtu dira euskal musikaren munduan”.

Amaitzeko azaroaren 13an, arratsaldeko 19:00etan, Geuretik Sortuak egitasmoarekin elkarlanean, Lore More antzerki konpainiaren Trapu zikinak taularatuko da.

Barandiaranek gogoratu du prestatu duten egitaraua “edukietan oinarritutakoa” izan dela, hau da, Sormeneren ildoetara eta helburuetara bideratutako edukiak direla ikusgai egongo direnak.

Azkenik Gaizka Chamizo aktore galdakoztarrak hartu du hitza “hezkuntzarekin eta osasunarekin batera kulturak ere elikatu egiten gaitu eta identitatea ematen digu”. Aktoreak gaineratu duenez, “Sormene kultur sortzaile guztientzako lekua eskaintzen duen plaza bat da eta hori gaur egun bizi dugun Euskal Herriko kultura politikan aintzat hartu beharreko eta eskertu beharreko apustua da”.

Ildo beretik nabarmendu du ez direla ahaztu behar elkarlana eta bidelagunak; “bidea batera eginez gero, biharko Euskal Herrian bidelagun berriak izango ditugu”.

Zabaldu: