Sormen Astearen hirugarren edizioa ekainaren 24an abiatuko da Lekeition

Loraldiak antolatutako ekimenean euskal kulturaren zenbait erreferentek parte hartuko dute, Maialen Lujanbio, Anari, Unai Elorriaga eta Gari, besteak beste.

Loraldiak Lekeitioko Sormen Astearen hirugarren edizioa antolatuko du ekainaren 24tik 28ra bitartean. Elkartearen arabera, “kultur ekintzen programazio anitza eta oparoa izango da, erreferente diren sortzaileak bilduko dituena eta arlo ezberdinak jorratuko dituena. Izan ere, musika, literatura, performance-a, dantza eta zinea eskainiko dira”.

Bost egun hauetan, publiko orokorrari zuzendutako jardueretan, kultur erreferente handiak izango dira: Unai Elorriaga, Josu Aurrekoetxea, Gari, Maialen Lujanbio, Anari eta Dantzaz konpainia, esaterako. “Kultur proposamenak berritzaileak izango dira ere eta proposamen ez ohikoak ikusteko aukera izango da”, gaineratu dute.

Bestalde, antolakuntzak nabarmendu duenez, “sormen aste honek egundoko aukera ematen du sortzailea gertutik ezagutzeko eta gozatzeko”. Formatu txikiko ikuskizunak izango dira. “Gehienetan biluzik. Erabat garaikideak. Sormen hauek zuzen eta artez galdetzen diote ikuslearen bihotzari, hunkitzeraino. Harremana estua da. Dena flasko txikian, garestiak diren lurrinak bezalaxe”.

Jardueretarako sarrerak saltzeko sistema berria abian

Loraldiak ekitaldi eta jardueretarako sarrerak online saltzeko mikrosite espezifiko berri bat garatu du. Sarrerak.loraldia.eus webgunetik sarrerak eskuratu ahal izango dira eta, berrikuntza gisa, Lorazainek eserlekuak aukeratu ahal izango dituzte. “Hauxe zen erakundearen helburuetako bat eta Lorazainak komunitatea osatzen duten pertsonen eskaera handiena”.

Zabaldu: