(argazkia: Sormene)

Sormene Galdakaoko plazan izango da berriz ere maiatzaren 12tik 15era

Euskarazko kulturgintzaren transmisioa bermatzea guztion ardura dela aldarrikatu dute Elexalde BHI ikastetxean egin duten prentsaurrekoan.

Sormenek aurten landuko dituen edukiak eta eskainiko dituen emanaldiak aurkeztu dituzte Galdakaoko Elexalde BHI ikastetxean. Prentsaurrekoan parte hartu dute Rakel Iruarrizaga Elexalde BHIko irakasleak, Eguzkibegi ikastolako Isusko Diezek, Elexalde BHIko Leire Olano eta Ugaitz Fernandez ikasleek, Edurne Azkarate eta Intza Alkain Formol Laborategia konpainiakoek, Edurne Espilla euskara zinegotziak eta Gotzon Barandiaran Sormeneko zuzendari artistikoak.

Barandiaranek azaldu duenez, Sormenek lau lan-ildo jorratzen ditu: “sormena, plazak, komunikazioa, transmisioa. Lau lan-ildo hauetatik transmisioarena da kezka larriena eragiten diguna egun, ez Sormenekooi bakarrik, ez bada euskal herriko osoko eragileei ere. Etena gertatu baita euskarazko kulturgintzaren transmisioan, besteak beste, hezkuntza arautuan. Horregatik iruditu zaigu pertinentea Sormenek landuko dituen edukiak ikastetxe batean aurkeztea, hezkuntzan sormena nola landu daitekeen erakutsita. Horrez gain, euskarazko kulturgintzaren transmisioa bermatzea guztion ardura dela aldarrikatzeko batu gara hemen. Azpimarratzeko ez dela soilik hezkuntza arautuaren ardura, euskarazko kulturgintzaren ekosistema osatzen dugun eragile guztiona dela eta noski, euskal gizarte osoarena”.

Ondoren, Iruarrizagak Barandiaranen hitzetan sakondu du esanez hezkuntza arautuko hezitzaile gisa eta Sormene elikatzen duen ekosistemaren partaide gisa beraien helburua euskarazko kulturgintzarekiko zaletasuna sustatzea dela. Sormenek helburu hori lortzen ahalegintzeko modua eta tresnak eskaintzen dizkiela nabarmendu du, besteak beste Sormenek landu beharreko edukietan eta formetan iritzia eman dezaketelako batetik, eta bestetik, emaitzari, azken produktuari oso lotua dagoen kontsumo eratik aldendu eta sormen prozesuari garrantzia ematen ikasi dutelako. Izan ere, Formol Laborategia antzerki taldeko Edurne Azkarate eta Intza Alkainek, Elexalde BHIko Batxillergoko 1.mailako ikasleekin euren Album antzezlanarekin zerikusia duten edukiak landu zituzten iazko edizioan eta 2022an, beste bi saiotan parte hartu ondoren, antzezlana ikustera joango dira Torrezabal kultur etxera maiatzaren 27an.

Bai Leire Olano eta Ugaitz Fernandez ikasleek bai Alkain eta Azkarate aktoreek, tailerretan bizitako aletu dute. “Album belaunaldi berriei helduagoek aurpegiratzen dizkieten –keria eta –tasunei buruzko ariketa teatrala da”, Azkaraten hitzetan. Tailerretan, antzerki konpainiak berak egin zituen ariketa eta prozesua landu dute ikasleekin. Hau da, Batxillergoko lehen mailan ari diren 16-17 urteko ikasleek, nagusiagoek eta gizarteak orohar beraiei buruz esaten dituztenak izan dituzte gogoetagai.

Azkenik, Edurne Espilla Galdakaoko udaleko euskara zinegotziak, udalak Sormeneren lan-ildoekin eta marko teorikoarekin guztiz bat egiten duela eta euskarazko kulturgintzaren transmisioari aparteko garrantzia eman behar zaiola gogorarazi du. Udala, gainontzeko eragile guztiekin, ardura hori hartzeko prest dagoela azpimarratu du.

Datozen urteotan, lanketa iraunkorra xede izanik, Sormenek bi txandatan lan egingo duela argitu du: udaberrian eta udazkenean.

Sormenek 2022ko udaberrian landu dituen edukiez gain, emanaldien berri ere eman du. Era berean, eskaintza osatzen ari direla ohartarazi du eta datozen asteetan emango dutela horien berri eta honela laburbildu daiteke:

Maiatzak 12, osteguna

Kurtzeko karpan, 10:15ean eta 12:00etan: Tailerrak ikastetxeentzat: Antzerkia. Formol Laborategia.

20:00etan Antzerkia. Bidaide. Metrokoadroka konpainia. Geuretik Sortuak egitasmoarekin elkarlanean.
Maiatzak 13, ostirala

Kurtzeko karpan, 10:15ean eta 12:00etan: Tailerrak ikastetxeentzat: Musika. #Mauriziakezdauinorhil. Ines Osinaga, Lorea Argarate eta Olatz Salvador.

18:00etatik 20:30era, disko berrien aurkezpenak Ahotsenearekin elkarlanean. 30 minutuko saioak.
21:00etan, #Mauriziakezdauinorhil ikuskizuna. Ines Osinaga, Lorea Argarate eta Olatz Salvador.

Maiatzak 14, larunbata

Kurtzeko plazan eta Gandasegiko aterpean, 11:00etatik 14:30ra, Kultur Sorkuntzen Azoka. Gandasegiko aterpean

12:00etatik 14:00etara, liburu berrien aurkezpenak, Ahotsenearekin elkarlanean, karpan. 30 minutuko saioak.

17:00etatik 20:30era, Kultur Sorkuntzen Azoka. Gandasegiko aterpean

18:00etatik 22:00etara, disko berrien aurkezpenak Ahotsenearekin elkarlanean. 30 minutuko saioak.

Maiatzak 15, igandea

Kurtzeko plazan eta Gandasegiko aterpean, 11:00etatik 14:30era, Kultur Sorkuntzen Azoka. Gandasegiko aterpean

12:00etatik 14:00etara, liburu berrien aurkezpenak, Ahotsenearekin elkarlanean, karpan. 30 minutuko saioak.

Maiatzak 27, ostirala

Torrezabalen, 12:00etan Album antzezlana ikasleentzat. Formol Laborategia antzerki konpainia.

20:00etan, Album antzezlana publiko ororentzat. Formol Laborategia antzerki konpainia.

Ahotsenearekin eta Literaturiarekin elkarlanean antolatu dituzten disko eta liburu berrien aurkezpenetan izena emateko epea apirilaren 18ra arte egongo da zabalik.

Zabaldu: