(Galdakaoko Udala)

Sormene: transmisioa, euskara eta emakumea ardatz dituen kultur eskaintza aberatsa

Musika, dantza, antzerkia, zinema, ipuinak. Komikia eta bertsoa, ilustrazioa, literatura. Euskaraz, eta emakumeen eskuak nagusi direla. Azaroaren 16tik 21era izango da Sormene, Galdakaoko sorkuntzen plaza.

Sormene egitasmoak sormena du oinarri, eta euskarazko kulturaren etorkizuna bermatzea helburu. “Egungo sortzaileak babestu nahi ditu, euskarazko kultur sorkuntzen kontsumoa sustatu, eta, aurrera begira, sortuko dutenen eta kontsumitzaile izango direnen komunitatea ziurtatu”.

Bigarren edizio honetan, ikastetxeekin lanketa berezia egingo da. Asteartetik ostiralerako goizetan, antzerki, dantza, musika eta ilustrazio tailerrak izango dituzte LH, DBH eta Batxilergoko ikasleek. Ez dituzte nolanahiko irakasleak izango, gainera: Formol laborategiak emango du antzerki tailerra asteartean; asteazken goizean dantza izango da protagonista Dantzan.eus-eko Gari Otamendiren eskutik; Ines Osinagak musikaren eta emakumeek plazan duten lekuaren inguruko hausnarketa sustatuko du ostegunean; eta Eider Eibarrek ilustrazioa eta bideo-jokoa uztartuko ditu ostiraleko tailerrean.

Gainontzean, bi kokaleku izango dituzte ikuskizunek: asteartetik ostegunera bitartekoak Torrezabalen izango dira, eta ostiraletik igandera bitartekoak Ardantza parkean jarriko den karpan. Sarrera guztiak doakoak izango dira, eta emanaldiak baino ordubete lehenago hasiko dira banatzen, lekuak amaitu arte.

Eskaintza zabala azaroaren 16tik 21era bitartean

Denetariko eskaintza izango da sei egunetan: zinema emanaldia, solasaldiak, emakume konpositoreen obren kontzertua, antzerkiak, ipuin kontaketak, bertsoak, komikia, musika, eta horien arteko nahasketak.

Torrezabal kultur etxean aurkeztu dute egitaraua eta Iñigo Hernando Galdakaoko alkateak azaldu duenez, “Sormene sortzaileen Galdakaoko plaza euskarazko kulturgintzarentzat plaza berri bat da, emakume sortzaileen lanak erakutsi, nabarmendu eta ezagutarazteko bidean ekarpen garrantzitsua egitera datorrena, Euskal Herriko beste kultur plazen osagarri izateko abiarazi duguna”.

Kulturgintzak eraldatzailea izan behar duela nabarmendu du Hernandok; “elkarrekin bizitzeko dugun modu hau aldatzeko balio behar du, Euskal Herria eta mundua ulertzeko eta bizitzeko proposamen kritikoak egin behar ditu”. Eta apustua berretsi du: “Galdakaoko Udalarentzat Sormene egitasmo estrategikoa da, arnas luzekoa, Euskal Herri mailan euskarazko kulturgintza biziberritzeko artikulatzen ari den askoren ahaleginarekin bat egin nahi duena. Galdakaotik Euskal Herrira ari gara”. Eta luzerako begiradarekin ari da, gainera, Hernandoren hitzetan, “hemen geratzeko” asmoz.

“Euskal Herri osoko euskarazko kulturgintzak duen helburu nagusia lortzeko, hau da, kulturzaleak sortzeko, ekarpena egin gura dugu Galdakaotik”, azaldu du Edurne Espilla Euskara zinegotziak. “Guk ere euskarazko kulturzaleak sortu nahi ditugu Galdakaon: sortzaile bihurtuko diren zaleak, antolatzaile, bitartekari, kazetari edota hezitzaile bihurtuko direnak”.

Lau lan lerro izango dituzte ardatz, horretarako: “Sormena sustatuko dugu pertsonaren garapen integralerako ezinbesteko tresna delako; plazak eskainiko dizkiogu euskarazko kulturgintzari; zabalkundea landuko dugu; eta euskarazko kulturgintzaren historia eta oraina transmititzearekin batera, euskaraz sortzeko grina transmitituko dugu.

Hala, Sormenerako Talde Eragile-aholkularia sortuko dela jakinarazi du Espillak: “talde eragile-aholkulari horretara Galdakaoko euskalgintzaren eta kulturgintzaren ekosistema osatzen duten eragileak deituko ditugu, aurtengo balorazioa egiteaz gain, 2022ko, 2023ko eta ondorengo Sormeneak diseinatu ditzaten”.

Gotzon Barandiaran Sormeneren zuzendari artistikoak eman du aurtengo egitarauaren berri, transmisioan indar egitearen garrantzia nabarmenduta. Hain zuzen, hori da Sormene desberdin egiten duena: “Transmisioan azken urteetan ematen ari den gabeziari irtenbidea emateko nahiarekin ari gara”. Hilaren 16tik 21erako egitaraua xehe aletu, eta bai programa, bai artista guztien fitxak eta bai gainerako informazioa www.sormene.eus webgunean kontsultatzeko gomendatu du.

Egitaraua, hemen.

Zabaldu: