(argazkia: Hatortxu Rock)

Soziedad Alkoholika, Dupla, Nøgen eta Skakeitan, besteak beste, Hatortxu Rock jaian

Estilo eta jatorri desberdinetako 17 musika talde igoko dira oholtzara abenduaren 18an, Atarrabian.

Segismundo Toxicomano, Afu, Soziedad Alkoholika, Bide Bakarra, Kaotiko, Tremenda Jauria, Dupla, Nøgen, Green Valley, Tribade, Skakeitan, Rodeo, Galtzagorriak, Ibil Bedi, Irkaia, Talco Maskerade eta Dj Plan B dira abenduaren 18an, Hatortxu Rock jaiaren 25. edizioan oholtzara igoko diren taldeak. Antolakuntzak adierazi duenez, “beste behin ere, talde bat edo bestearen gainetik, gustu anitzetarako kartela osatzen ahalegindu gara. Aurten, gainera, erlojuaren kontrako lanean. Baina hemen duzue, estilo eta jatorri desberdin ugariko 17 taldek osatu duten eskaintza”.

Antolatzaileek sarrera guztiak agortu direla ere gogorarazi nahi izan du, “ordu eta erdi eskasean agortu ziren, salgai jarri ziren egun berean. Hau guztia, inoizko egoera berezienean eta inoiz baino informazio gutxiagorekin. Azaldu genuen bakarra ohiko Hatortxu Rock bat izango dela izan zen. Eta, hala ere, jendeak errepresaliatu politikoen senideei hutsik ez diela egingo, argi utzi zuen”.

Udako sarrerak, azaroaren 1ean

Edizio honetarako sarrera guztiak agortuta dauden arren, antolakuntzak pandemiak sortutako etenaldiaren ostean ahalegin berezi bat egitea erabaki du eta udan bi eguneko edizio berezi bat antolatuko du. Uztailaren 29 eta 30ean, Atarrabian.

Zita horretarako sarrerak azaroaren 1ean, 20.00etan, jarriko dira salgai www.hatortxurock.eus webgunean. Bi eguneko bonoak 55 euroko prezioa izango du eta egun bakarrekoak, bai ostiralekoak zein larunbatekoak ere, 30ekoa.

Zabaldu: