(argazkia: Starblues)

Starblues taldeak ‘Hitz Gatibuak’ izeneko diskoa kaleratu du

Lehenengo kontzertua bihar, hilak 7, eskainiko dute Ordizian, D’Elikatuz-en, 19.30ean.

Duela hamar urte sortu zen Ordizian, StarBlues taldea eta sei urte beranduago aurreneko diskoa kaleratu zuten Gu geu izenpean. Ordutik hona, zuzenekoak eskaintzen ibili dira han eta hemen, eta Hondarribiako eta Tolosako Blues jaialdietan parte hartu dute. Hamar urteko ibilbide luzean aldaketak ere izan dira taldean Mikel Atxega baxu jotzaileak esaterako, Urko Ruiz de Apodakaren lekua hartu du. Gainerako taldekideak hasieratik daude: Jon Barreros abeslari eta gitarra jotzailea, Yon Labayen piano eta hammond organo jotzailea, Fermin Etxeberria bateria jotzailea eta kolaborazio eta produkzio lanetan aritzen den Fredi Pelaez.

Aurkeztu berri duten Hitz gatibuak izenekoa, beraz, bigarren lana da eta taldeak azaldu duenez, “azken urte hauetan hartu duen heldutasunaren balio erantsiarekin dator”. Diskoak biltzen dituen hamabi kantuak konposizio lan sakonaren emaitza direla ere azpimarratu dute. Rockaren eraginarekin, baina hastapeneko perspektiba hura galdu gabe, funk, jazz eta blues doinuetatik ere badu bilduma berriak. Gipuzkoarrek antzeko beste hainbat musikarekin bat egiteko duten asmoa erakutsi dute.  Hala, Zerua ukituz kantuan swing doinuak entzun daitezke eta Kolore galduak abestiarekin berriz, jazzera itzultzeko gogoa azaltzen dute. Era berean, Hotsak diskoetxeak Labayenek bere hammond organoarekin Killer Hammond piezan eskaintzen duen lan aparta nabarmendu nahi izan du, edota Atxegak bere baxuarekin eta Etxeberriak bere bateriarekin, betiere Jimmy Smith gogoan hartuta, Soul/Funka biziberritu dute Otsoarekin solasean kantuan. “Zure jabe lanak ezinbesteko boogie dosia dakarkigu, Barrerosen gitarrak ingelesez abestutako gai bakarrari, bide ematen dion bitartean, funk ukituekin, A little big day. Diskoari amaiera emateko, Izpi beltz batek abestian Jazz/Rock ukituarekin kutsu latinoa ere entzun daiteke.

Starblues taldearen lehenengo kontzertua bihar, hilak 7, eskainiko dute Ordizian, D’Elikatuz-en, 19.30ean eta martxoaren 27an Legazpiko Caribe Zaharra tabernako oholtzara igoko dira.

Zabaldu: