(argazkia: Ikastolen Elkartea)

‘Surflaria’, Xabiroi aldizkariaren komiki liburu berria kaleratu dute Uxue Alberdik eta Susanna Martinek

Istorioak galdera transzendentalen eta umore ganberroaren artean egiten du kulunka, suspense edo misterio ukitu batekin, eta iraganaren eta orainaren artean labainduz.

Xabiroi aldizkarian zortzi ataletan publikatuta argitaratu zen, lehenbizikoz, Surflaria. 2020. urtean murgildu ziren lan honetan, eta 2023ko ekaineko zenbakian argitaratu da azken kapitulua. Orain guztiak album batean batu ditu Xabiroi aldizkariak, bere bildumako hamazazpigarren lana, hain zuzen ere.

Berau aurkeztu dute bi egileek, Uxue Alberdik eta Susanna Martinek. Lehenak gidoia idatzi du, eta bigarrenak irudietara eraman du kontakizuna. Xabiroi komiki aldizkariko zuzendari Dani Fano eta Ikastolen Elkarteko zuzendari nagusi Jose Luis Sukia ere izan dira aurkezpenean.

Istorio honetako protagonista nagusietako batek, Amaiak, jaso duen telefono dei batekin abiatzen da Surflaria: hamar urte igaro ostean hiltzat jo dute Eki, itsasoan desagertu zen laguna eta maitalea. Hileta egin behar diote Ekiri, eta horrek itzularaziko du Amaia Zarautzera, jaioterrira, haurdun dagoen momentuan. Alberdik azaldu duenez, “bizitza sortzen ari den unean heriotza aterako zaio aurrean protagonistari, eta horrek hainbat galdera sorraraziko dizkio, batzuk bere buruari buruzkoak eta besteak Ekiri buruzkoak, eta denen gainetik bat: nor zen? Nor zen gaztetako lagun hura, desagertu zena? Zer gertatu zitzaion? Amaiak berak izan ote zuen zerikusirik Ekiren desagerpenean? Nolatan eraman zuen itsasoak Eki, inguruotako surflaririk onena baldin bazen eta itsasoa irakurtzen baldin bazekien?”.

Idazle eta bertsolariaren ustez, “kontakizun existentzialista dela esaten dugu, horrelako galderak planteatzen dituelako, nor den bestea bestearekiko dugun irudia edo errelatoa aldatzen denean, edo nola aldatzen dugun guk gure buruarekiko dugun irudia eta errelatoa”. Beren esanetan badaude sakoneko uretan horrelako galdera batzuk komiki honetan, eta ura ere bada beste protagonistetako bat. “Hainbat ur nahasten dira, itsasokoa, malkoena, amniotikoa, errekako ura, pixarena, … Ikerketa intimo bat dela esango nuke, Amaiaren egunerokoan eta batez ere buruan gertatzen dena”. Baina ez da guztiz serioa ere; ur sakonetatik ur azalera egiten duen istorioa da, gai existentzialetatik txistera: “Serio jarri orduko haizea aldatzen da, eta berarekin eramaten du egon zitekeen solemnitaterako arriskua”. Horregatik, Surflaria-k “galdera transzendentalen eta umore ganberroaren artean egiten du kulunka, suspense edo misterio ukitu batekin, eta iraganaren eta orainaren artean labainduz”.

“Eros eta Thanatosen artean mugitzen den komiki bat da”. Ukitzen ditu eutanasiaren gaia, maitasun debekatuarena, norbere eta bestearen identitatearen bilaketarena eta bilakaerarena, heriotzarekiko erakarpena…

Surflaria metafora bisualez josita dagoen komikia da, “esaten da hitzek bakarrik ez, irudiek eta ekintzek ere errimatzen dutela edo errimatu dezaketela, elkarrekin, eta lan hau metaforaz josia dago: agertzen dira tunelak, olatuak, lainoetan sartzen diren hegazkinak, amuetan harrapaturiko arrainak, sareen kontra kolpatzen diren golfeko pilotak, hilkutxak diruditen surfeko taulak… Eta badaude irudiak eta akzioak elkarri oihartzun egiten diotenak”.

Paisaia itsastarrak betetzen ditu orrialdeak, plano zabaletatik xehetasun planoetara egiten du jauzi, eta zehaztasunaren eta tonu poetikoaren artean dabil, aldiro, Surflaria.

Koloreak ere berebiziko garrantzia hartu du lan honetan. Izan ere, protagonista bakoitzari kolore bat eman dio Susanna Martinek, eta hala, tonu eta kolore jakin batez agertuko da, adibidez, itsasoa, protagonista jakin bat denean gogoratzen ari dena, edo beste batez Amaia eta Eki elkarrekin dauden iraganeko uneetan.

Bi artistek oso ondo elkar ulertu dute, eta ideiak planteatzeko orduan eta haiek aurrera eramaterakoan izan duten sintonia azpimarratu dute. Sintonia horri esker, esan dutenez,  lortu dute marrazkiaren poetika eta hitzaren poetika ondo batzea.

Zabaldu: