(argazkia: Artium Museoa)

Susana Solano eta Angeles Marcoren praktika eskultorikoen inguruan egindako proiektua hautatu dute Juncal Ballestin Bekarako

Julia Coelho komisario eta idazleak ondu du beka eraman duen proiektua. Bekak arte feministaren historiografiari eta museoaren bildumari lotutako emakume artistei buruzko ikerketa-proiektuak babesten ditu.

Juncal Ballestin Nazioarteko Ikerketa Bekaren epaimahaiak aho batez erabaki du 2026ko beka Julia Coelho komisario eta idazlearen (Salvador de Bahia, Brasil, 1990) La línea orgánica entre Lygia Clark, Susana Solano y Ángeles Marco [Lygia Clark, Susana Solano eta Angeles Marcoren arteko lotura organikoa] izeneko proiektuari ematea.

Proiektuak Gasteizko Artium Museoko bildumako parte diren Susana Solano (Bartzelona, 1946) eta Angeles Marco (Valentzia, 1947 – 2008) artisten praktiken arteko azterketa konparatibo bat proposatzen du, Lygia Clark artista brasildarrak (Belo Horizonte, Brasil, 1920 – Rio de Janeiro, Brasil, 1988) 1950eko hamarkadan formulatutako “ildo organikoaren” kontzeptutik abiatuta.

Juncal Ballestin Nazioarteko Bekaren helburua arte feministaren historiografiaren garapenean laguntzea da, bai Euskal Herriaren testuinguruan, bai nazioartean, eta, era berean, museoaren programei eta bildumari lotutako emakume artisten eta pentsalarien ekoizpenak aztertzea.

Artiumeko ordezkariek azaldu dutenez, “Coelho-ren proiektuak Susana Solanoren eta Angeles Marcoren ekoizpenen analisia planteatzen du “eskultura postraumatikoaren” noziotik, bakoitzaren ibilbideak garatu ziren diktadurako eta diktaduraren osteko testuinguruak kontuan hartuta.

Juncal Ballestin Nazioarteko Beka

Bekaren helburua arte feministaren historiografiari eduki esanguratsua ematen dioten ikerketa-proiektuak babestea da, Euskal Herriko zein nazioarteko testuinguruetan, eta museoaren programazioari eta bildumari lotutako emakume artista eta pentsalarien ekoizpena aztertzea.

Zabaldu:

Utzi erantzuna