2.510 lagun bildu ziren larunbatean Irungo Ficoba erakustaretoan sei bertsolariak kantuan aditzera. Saio puntuagarria osatu ostean, Sustrai Colina izan zen finalaurrekoetako bigarren itzulirako zuzeneko txartela lortu zuen bertsolaria.
Bertsolari Txapelketa Nagusiaren hirugarren finalaurrekoa jokatu zen larunbatean Iruneko Ficoba erakustazokan eta 2.510 bertsozaleren aurrean.
Zozketak ebatzitako ordenan igo ziren bertsolariak oholtzara, Maialen Belarra Eneterreaga gai-jartzailearen atzetik: Ane Labaka Mayoz, Jone Uria Albizuri, Nerea Ibarzabal Salegi, Sustrai Colina Acordarrementeria, Maddalen Arzallus Antia eta Miren Artetxe Sarasola.
Ariketa guztiak egin ondoren Sustrai Colinak finalaurrekoen bigarren itzulirako zuzeneko txartela eskuratu zuen. Beraz, bigarren itzulian Baionan kantatuko du azaroaren 26an. Larunbateko saioan, hurrenez hurren, horrela geratu ziren puntuazioak: Sustrai Colina 710, Nerea Ibarzabal 673, Jone Uria 660,5, Miren Artetxe 644,5, Maddalen Arzallus 635 eta Ane Labaka 631,5.
Larunbatean ere finalaurrekoen lehen itzulian egin beharreko lanak entzun zituzten Irunera bertaratu zirenek: binaka zortziko handian, txikian, puntutan eta seiko motzean; eta ganbarako lana, amaitzeko: “Kalean zoazela, haren ahotsa entzun duzu. Hunkitu egin zara”.
Epaile lanetan zazpikote hau aritu zen larunbatean ere, fase osoan bezala: Ainhoa Arregi Elosua, Bakarne Urreaga Etxeberria, Ekaitz Elorriaga Anduaga, Eneritz Azkue Basurko, Joseba Beltza Bengoetxea, Joseba Santxo Uriarte eta Maialen Berra Zubieta.