Denboraldia urtarrilaren 10ean abiatuko da, Tabakalerako pantaila partekatua sustatzen duten erakundeen eskutik: Donostia Kultura, Donostia Zinemaldia, Euskadiko Filmategia, Elias Querejeta Zine Eskola eta Tabakalera.
Donostiako Tabakalera zentroak hamar urte beteko ditu datorren urtean eta zine-programazioa efemeride horren luzapena izango da, urte hauetan egindako bidea eta lana balioesteko aukera.
Hala, Tabakalerako zine-pantailak bertako egonaldi-programa eta zinea babesteko deialdiei esker euren lan-ibilbidea hasi eta egonkortu duten zinegileen belaunaldiaren filmak proiektatuko ditu urtean zehar. Ekimen horiek guztiak pantaila partekatua osatzen duten erakundeek sustatu dituzte, Ikusmira Berriak edo Noka bezalako zine-sorkuntza babesteko sistema oso bat eratuz.
Zinemaldiak eta Tabakalerak Ikusmira Berriak 10 urte antolatu dute aurten, Donostiako zentroaren hamargarren urteurrenaren harira. Ziklo berriaren xedea da atzera begiratzea eta aipatu bi erakundeek Elias Querejeta Zine Eskolarekin batera antolatzen duten Ikusmira Berriak zine-egonaldiaren hamar urteko ibilbidea esploratzea eta ospatzea.
Lehen saioan, urtarrilak 25, Pablo Alvarezen El extraño (2016) film laburra eta Kiro Russoren El gran movimiento (2021) film luzea eskainiko dira. Otsailaren 1ean, bestalde, Leo Calicek eta Gerhard Tremlek zuzenduriko Calipatria eta Helena Gironen eta Samuel Delgadoren Eles transportan a morte (2021) lanak eskainiko dira. Otsailaren 8an Gwendolyn Green (Tamyka Smith, 2017) eta All Dirt Roads Taste of Salt (Raven Jackson, 2023) lanen txanda izango da, otsailaren 15ean Troterena (Xacio Baño, 2018) eta martxoaren 8an Las letras de Jordi (Maider Fernandez Iriarte, 2019) lanarena.
Hauetaz gain, oraindik data zehazteko duten beste hainbat film proiektatuko dira, Maider Oleagaren Muga deitzen da pausoa (2019) eta Arantza Santestebanen 918 gau (2022), esaterako.
Urteurrena osatzeko, liburu bat argitaratuko da udaberrian. Bertan, Ikusmira Berriak ekimenari buruzko ahotsak, irudiak eta hausnarketak jasoko dira. Programan parte hartu duten hamar zinemagileri egindako elkarrizketez gain, tutoretzetan parte hartu duten edo proiektua bultzatu duten erakundeetako ordezkarien ekarpenak ere jasoko dira. Funtsean, egonaldiaren hamar urteak kontatu eta bere historiaren parte diren 53 zinemagileak bilduko dituen memoria bat da.
Bestalde, Zinemaldia + Plusek 2025eko Donostia Sarien filmografiari loturiko ohiko proiekzioak ere eskainiko ditu irailean.
Ekainaren 13tik 15era bitarteko asteburuan, Tabakalera Belaunaldia jaialdia egingo da. Bertan, EQZEn garatutako proiektuak eta nazioarteko hainbat jaialditan estreinatutako filmak proiektatuko dira, gorabidean dagoen zinema-talentua sustatzeko programetan garatu direnak, hala nola Noka. Euskal zinemagileek zuzendutako film luzeen tutoretzari, laguntzari eta babesari eskainitako ekimena da, eta 2019an hasi zenetik hogei bat emakume zinemagilek parte hartu dute.
Feminismoa Tabakalerako zine-programaren beste ardatzetako bat izango da. Protagonismo berezia izango du Nosferatu edo Euskal emakume zinemagileen bosgarren edizioa bezalako zikloetan, bai eta 2025ean egingo diren ziklo espezifikoetan ere: Patricia Mazuyri eskainitako atzerabegirakoa edota Zinea eta Literatura uztartzen dituen Chantal Akermanen ingurukoa. Azken horretan Itxaro Borda, Karmele Jaio eta Danele Sarriugarte idazleek parte hartuko dute. Ikuspegi eta praktika feminista, halaber, beste ziklo eta proiekzio batzuetan ere nabarmenduko dira, programazioan landuko diren gaien edo gonbidatuen bitartez.
Bestalde, datorren urtarrilaren 15ean, Tabakaleran, Nosferatu ziklo berria hasiko da: Klasikoak, modernoak eta bitxiak. Zinemaren istorio feministak. Ziklo hau ikuspegi femenino eta feministatik hurbiltzen da zinemaren historiara, eta bere 130 urteak errepasatuko ditu garai eta jatorri guztietako emakume sortzaileek zuzendutako filmen bitartez.
Zikloarekin batera bi liburu argitaratuko dira, bata gaztelaniaz eta bestea euskaraz. Lehena, Elisa McCauslandek eta Diego Salgadok koordinatutako Clásicas, modernas y extrañas. Historias feministas del cine, urtarrilean argitaratuko da. Bigarrena, Iratxe Fresnedak koordinatutako, datorren urtearen amaieran editatuko da.
Zinema eta Zientziaren zortzigarren edizioa
Euskadiko Filmategiak, DIPC − Donostia International Physics Center eta Donostia Zinemaldiarekin batera antolatzen duen Zinema eta Zientzia zikloaren zortzigarren edizioarekin hasiko du urtea. The Theory of Everything –La teoría del todo– (James Marsh, 2014) lanak irekiko du urtea, datorren urtarrilaren 10ean. Aurkezpena Pedro Miguel Etxenike, fisikari eta DIPCko presidenteak egingo du.
Tabakalerak, era berean, bere programazioan zinegileen eta ikusleen arteko gerturatzea eta sorkuntza-diziplina ezberdinen arteko gurutzatzeak bultzatzen jarraituko du. Zinegileei beren filmak sortzeko prozesuaz hitz egiteko topagune bat proposatzen dien Kontatutako Zinea bezalako proiektuek, Kameleoiak Gara! familientzako saioek, Zine garaikidea edo Zinea eta Musikak zikloek 2025ean ere jarraituko dute.
Halaber, Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroaren zine-aretora ikusle berriak erakartzea xede duten programazioak sustatzen jarraituko du Tabakalerak. EHUko ikasleak biltzen dituen Gazteak zinean programazio-taldeak hilean behin eskainiko ditu eurek aukeratutako pelikulak Tabakalerako zine-aretoan. Urtarrilaren 30ean Mathieu Kassovitzen La Haine lana proiektatuko dute.