JAI udako eskolaren muina praktika artistikoa da eta ikerketa, ekoizpena eta lan kritikoa sustatzea ditu helburu.
Donostiako Tabakalera Zentroak, Altzuzako Jorge Oteiza Museoak eta Gasteizko Artium Museoak antolatutako Jardun Artistikoentzako Institutua (JAI) abiatu da Gasteizko Museoan bertan. Datozen bi hilabete eta erdian, eskolaren bosgarren deialdian hautatutako hamasei kideek hartuko dute parte ikasketa-programa honetan eta erakunde bakoitzaren programari lotutako nazioarteko artistak izango ditu irakasle. JAI udako eskolaren muina praktika artistikoa da eta ikerketa, ekoizpena eta lan kritikoa sustatzea du helburu.
Institutuak, halaber, arteen arloko profesionalak trebatzen laguntzea du helburu, truke eta gurutzaketa artistikoetarako espazio bat sortuz. JAIk ezagutzaren transmisioan sakondu nahi du, prestakuntza-prozesuan dauden artisten eta nazioarteko profesionalen arteko trukerako espazioak eraikiz.
Ekoizpenarekin lotutako ezagutzaren transmisio hori indartzeko, JAIko irakasleak bosgarren edizio honetako deialdia sustatzen duten erakundeen erakusketa-programen eta programa publikoen parte dira. 2024an honako hauek izango dira irakasleak: Patricia Dauder (Bartzelona, 1973), Jeremiah Day (Plymouth, Estatu Batuak, 1974), Iman Issa (Kairo, 1979), Hilary Lloyd (Halifax, Ingalaterra, 1964) eta Iñaki Garmendia (Ordizia, 1972). Tutoreak, berriz: Olatz Otalora (Algorta, 1990), Alejandro Cesarco (Montevideo, Uruguai, 1975), Itziar Okariz (Donostia, 1965) eta Ibon Aranberri (Itziar-Deba, 1969) artistak.
Prestakuntza-saioak abuztuaren 30era bitartean egingo dira. Ikastaroa Artium Museoan hasiko da, eta uztailaren 5era arte egongo dira bertan ikasleak. Uztailaren 8tik abuztuaren 23ra arte, Tabakaleran jarraituko dute, eta hil horren 26an Gasteizera itzuli eta 2024ko JAI udako eskola amaituko dute. Abuztuan, parte-hartzaileek egonaldi bat egingo dute Altzuzan, Oteiza Museoa Fundazioa dagoen herrian.
Ikasketa-programa arte-jardueraren inguruko elkarrizketak, hizkuntzetarako beste sarbide batzuk errazteko gaitasuna zabaltzeko eta horiek sortzen dituzten subjektibizazio-moduak zabaltzeko baliabide gisa aurkeztu dute. “Planteatutako mekanika diseinatuta dago artista-irakasle bakoitzak prozesu horien ikuspegi berezia eskain dezan. Ezaugarri horrek programaren metodologia gehiago kokatzen du tailerraren espazioan eta praktika zehatzetan ehuntzen diren harremanetan, teorian baino”, zehaztu dute.
Gasteizko Artium Museoan egingo diren saioek lotura estua dute museoan ikusgai dauden Patricia Dauderren eta Ibon Aranberriren erakusketekin, baina Tabakaleran, lantegiko praktika eta parte-hartzaile bakoitzaren prozesuaren garapena izango dira ardatz.
Bosgarren deialdi honetarako, JAIren laugarren deialdirako 50 hautagai baino gehiago aurkeztu dira, eta horien artean 16 parte-hartzaile aukeratu dituzte, txostenean aurkeztutako obraren interesaren eta kalitatearen arabera eta helburuak ikasketa-programaren ildoetara egokitzearen arabera. Hautaketak, gainera, parekotasun-irizpideei erantzun die, eta, azkenik, talde anitza eta askotarikoa osatu da parte-hartzaileen jatorri geografikoari, belaunaldien arteko osaketari eta arte garaikidearen praktiketan dauden hizkuntza eta diziplinen aniztasunari dagokienez. Batzordeak, era berean, lau parte-hartzaileri matrikula eta mantenua ordaintzeko beka bana ematea erabaki du.