(argazkia: Tabakalera)

Tabakalerak, Artium Museoak eta Jorge Oteiza Fundazio Museoak Jardun Artistikoentzako Institutua (JAI) abiatu dute

Parte-hartzaileekhiru hilabetez garatuko dituzte beren proiektu artistikoak Tabakaleran. JAI udako eskolaren muina praktika artistikoa da eta ikerketa, ekoizpena eta lan kritikoa sustatzea du helburu.

Donostiako Tabakalera Zentroak, Altzuzako Jorge Oteiza Museoak eta Gasteizko Artium Museoak antolatutako Jardun Artistikoentzako Institutua (JAI) abiatu da Gasteizko Museoan bertan. Datozen hiru hilabeteetan, eskolaren laugarren deialdian hautatutako hamasei kideek hartuko dute parte ikasketa-programa honetan eta erakunde bakoitzaren programari lotutako nazioarteko artistak izango ditu irakasle. JAI udako eskolaren muina praktika artistikoa da eta ikerketa, ekoizpena eta lan kritikoa sustatzea du helburu.

Truke eta gurutzaketa artistikoak garatzeko gune bat ezartzeko asmoa duen udako eskola gisa aurkeztu dute egitasmoa. Horretarako, jatorri oso desberdineko nazioarteko ahots profesionalak izango dira aurtengo edizioan, “praktika artistikoak mundu garaikideari begiratzeko eta bere lengoaien erabilerari buruzko harreman kritikoa ezartzeko duen ahalmenaz ohartzeko gai direnak”, azaldu dute antolatzaileek.

Honakoak dira irakasleak: Zach Blas (Point Pleasant, West Virginia, AEB, 1981), Erick Beltran (Mexiko Hiria, 1974), Anna Daučíková (Bratislava, Eslovakia, 1950), Xabier Erkizia (Lesaka, 1975), Kiluanji Kia Henda (Luanda, Angola, 1979), Julia Spínola (Madril, 1979), Miranda Pennell (Londres, 1963) eta Azucena Vieites (Hernani, 1967).

Programaren tutoretza Ibon Aranberrik (artista), Asier Mendizabalek (artista eta KKHko, Stockholmeko Royal Institute of Art-eko irakaslea) eta Itziar Okarizek (artista) egingo dute. JAIren Ikerketa Batzordea Catalina Lozanok (Artium Museoko komisario-burua), Oier Etxeberriak (Tabakalera KGNZko programa publikoen arduraduna, Donostia) eta tutoreek osatuko dute.

Prestakuntza-saioak ekainean, uztailean eta abuztuan egingo dira. Ikastaroak, Artium Museoan hasiko bada ere, uztailetik aurrera, Tabakaleran jarraituko du. Gainera, abuztuan, parte-hartzaileek egonaldia egingo dute Altzuzan, Jorge Oteiza Fundazio Museoa dagoen herrian.

Ikasketa-programa arte-jardueraren inguruko elkarrizketak, hizkuntzetarako beste sarbide batzuk errazteko gaitasuna zabaltzeko eta horiek sortzen dituzten subjektibizazio-moduak zabaltzeko baliabide gisa aurkeztu dute. “Planteatutako mekanika diseinatuta dago artista-irakasle bakoitzak prozesu horien ikuspegi berezia eskain dezan. Ezaugarri horrek programaren metodologia gehiago kokatzen du tailerraren espazioan eta praktika zehatzetan ehuntzen diren harremanetan, teorian baino”, zehaztu dute.

Ikasketa-programa arte-jardueraren inguruko elkarrizketak eta jarduera horrek beste hizkuntza batzuetara eta horiek sortzen dituzten subjektibatze-moduetara iristea errazteko duen gaitasuna zabaltzeko aukera ematen duen baliabidea da. Planteatutako mekanika artista-irakasle bakoitzak prozesu horien ikuspegi berezia eskain dezan diseinatuta dago. Ezaugarri horrek lantegiaren espazioan eta praktika zehatzetan ehuntzen diren harremanetan kokatzen du programaren metodologia teorian baino gehiago. Artium Museoan egingo diren saioak museoan abian dauden programekin estu lotuta daude, baina Tabakaleran lantegiko praktikan eta parte-hartzaile bakoitzaren prozesu espezifikoen garapenean oinarrituko da programa.

JAIren laugarren deialdirako 62 hautagai aurkeztu dira, eta horien artean 16 parte-hartzaile aukeratu dituzte, txostenean aurkeztutako obraren interesaren eta kalitatearen arabera eta helburuak ikasketa-programaren ildoetara egokitzearen arabera. Hautaketak, gainera, parekotasun-irizpideei erantzun die, eta, azkenik, talde anitza eta askotarikoa osatu da parte-hartzaileen jatorri geografikoari, belaunaldien arteko osaketari eta arte garaikidearen praktiketan dauden hizkuntza eta diziplinen aniztasunari dagokienez. Batzordeak, era berean, lau parte-hartzaileri matrikula eta mantenua ordaintzeko beka bana ematea erabaki du.

Zabaldu: