(argazkia: Tabakalera)

Tabakalerak, Artium Museoak eta Jorge Oteiza Museoak sortzaileei zuzendutako ‘Jardun Artistikoentzako Institutua’ aurkeztu dute

Praktika artistikoa izango da programaren muina, eta ikerketa, ekoizpena, pertzepzioa eta lan kritikoa sustatuko ditu. Izena emateko epea apirilaren 14ra arte egongo da zabalik.

Donostiako Tabakalera zentroak, Gasteizko Artium Museoak eta Altzuzako Jorge Oteiza Museoak sorkuntzaren esparruan diharduten profesionalei zuzendutako Jardun Artistikoentzako Institutua-ren (JAI) hirugarren edizioan parte hartzeko deialdia ireki dute. Artistei zuzendutako ikasketa-programa hau ekainean abiatuko da. Praktika artistikoa izango da beste behin programaren muina, eta ikerketa, ekoizpena, pertzepzioa eta lan kritikoa sustatuko ditu.

Hala, prestakuntza saioak Tabakalerako Artisten Guneko Tailerrean izango dira, ekainaren 1tik abuztuaren 31ra bitartean. Eremu komun horretarako sarbideaz gain, parte-hartzaile bakoitzak estudio bat ere izango du prestakuntza aldiak irauten duen bitartean, eta tutoreek jarraipen berezia egingo diote euren lanari, indibidualki. Gainera, abuztuan zehar, programako parte-hartzaileek Altzuzan igaroko dituzte egun batzuk. Amaitzeko, programaren zenbait jarduera Artium Museoan egingo dira.

Deialdia

Deialdia artearen metodologietan sakontzeko interesa duten artistei edo sektoreko eragileei zuzenduta dago. Izena emateko epea apirilaren 14ra arte egongo da zabalik. Parte hartzeko, berriz, hautagaiek museoetako  webguneetan (tabakalera. eus, artium.es eta museooteiza.org) eskuragarri dagoen galdetegi baten bidez eman beharko dute izena, eta curriculum vitaea, biografia, motibazio gutun bat eta aurreko lanen dosier digital bat irudiekin erantsi beharko dituzte bertan.

Hautatutako pertsonek 450 euro ordaindu beharko dituzte prestakuntzarako matrikula gisa, eta, horrez gain, ostatua hartzera bideratutako bost laguntza eskainiko dira.

Zabaldu: