Programa honen helburu nagusia arte-prozesuetan laguntzea da, bai kontzeptuarekin bai ekoizpenarekin. Proiektuak aurkezteko, Tabakaleraren webgunean (Artisten Gunea) dagoen inprimakia bete beharko da apirilaren 10a baino lehen.
Donostiako Tabakalerak proiektu artistikoak garatzeko egonaldirako deialdia zabaldu du. “Programa honen helburu nagusia arte-prozesuetan laguntzea da, bai kontzeptuarekin bai ekoizpenarekin”, azaldu du antolakuntzak. Deialdian parte hartu ahal izango dute Euskal Autonomi Erkidegoan bizi diren artista edo eragile kulturalak, bai eta nazioartekoak ere. Aurkeztutako proiektu guztien artean lau proposamen aukeratuko dira.
Egonaldiak lau eta zortzi aste arteko iraupena izango du, 2022ko irailaren 26tik abenduaren 31 bitartean. Batzordearekin batera adostuko da egonaldiaren iraupen zehatza, Tabakalerak bere programazioan dituen aukera eta konpromisoen arabera.
Hala, egonaldia Tabakalerak Donostian dituen instalazioetan egingo da, eta prestazio ekonomikoak izango ditu, bai eta espazioa, baliabideak eta aholkularitza/laguntza ere.
Proiektuak aurkezteko, Tabakaleraren webgunean (Artisten Gunea) dagoen inprimakia bete beharko da apirilaren 10a baino lehen. Informazio gehiago eta izen-emateak.
Aukeraketa eta jarraipen batzordea
2022ko deialdi honetarako aukeraketa batzordea honako hauek osatuko dute: Lorea Alfaro artista eta EHUko Arte Ederretako irakasleak, Maider Lopez artista eta Eremuak artistei laguntzeko plataformako batzordeko kide ohiak eta Yasmin Afschar Emma Kunz Unibertsoa Tabakalerako erakusketako komisarioa, Zuricheko Arteen Unibertsitateko irakasle gonbidatua eta Suitzako Arte Batzorde Federako kideak. Batzorde honek, parte hartuko duten proiektuak aukeratzeaz gain, horien jarraipena egingo du egonaldian.
Azken sei urteetan 60 sortzaile baino gehiagok egin dute egonaldi bat Tabakalerako Artisten Gunean. Besteak beste azpimarratzekoak dira Cristina Mejias, Nadia Barkate eta Mikel Escobales.