(argazkia: Tabakalera)

Tabakalerak Bilboko Arte Ederren Museoarekin batera antolatutako ‘That Time’ erakusketa zabaldu du

Donostiako zentroak orain arte hartu duen erakusketarik handiena da That Time eta lehen solairuan barrena ibilbide zirkularra osatzen duten 80 artistaren 107 lan biltzen ditu. Azaroaren 5era arte bisitatu ahal izango da.

Donostiako Tabakalera zentroak eta Bilboko Arte Ederren Museoak That Time izeneko erakusketa bateratua aurkeztu dute. Bi erakundeek beren lehen lankidetza estreinatu dute, Bilboko museoan une honetan egiten ari diren handitze-lanen ondorioz sortutakoa. Artelanak Bilbotik Donostiara eraman dituzte, ohiko bidearen alderantzizko noranzkoa hartuta, hau da, museo bateko bildumatik sorkuntza garaikideko zentro batera; gaurtik datorren azaroaren 5era arte egongo dira ikusgai Tabakaleran. Erakustetako komisariotza bi erakundeetako barne-taldeek osatu dute: Miriam Alzuri, Arte Ederren Bilboko Museoko Arte Moderno eta Garaikidearen kontserbatzailea, alde batetik eta Oier Etxeberria, Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroko Programa Publikoaren arduraduna, bestetik.

Iragana eta oraina izan dira Bilboko museoaren bildumagintza-lanaren funtsezko bi ardatzak. Museoa 1908an sortu zen, eta K.o. II. mendearen eta gaur egun artean sortutako adierazpen artistikoen adibide esanguratsuak daude bertan. Bestalde, Tabakalera, bere egitekoen artean sorkuntza garaikidea, artea eta gure garaiko eztabaidak bultzatzea helburu duen zentroa, museoko bildumari buruzko ikuspegi berri bat eskaintzeko leku aproposa dela adierazi dute antolatzaileek. Beraz erakusketa berria “orainean finkatutako begirada batez hurbiltzen da bildumara, baina begirada hori iraganera eta etorkizunera ere mugitzen da”.

Museoko bilduma da erakusketaren jatorria, eta orain Tabakaleran dago erakusgai artearen eta memoriaren inguruko kontakizun bat proposatzeko. Erakusketaren izena Samuel Becketten That Time (1976) antzezlanetik dator. Lan horretan, poeta eta antzerkigile irlandarrak hiru ahots sortzen eta nahasten ditu, protagonistaren bizitzako hiru momenturen berri emateko: gaztaroko ahotsa, helduaroko ahotsa eta zahartzaroko ahotsa. Era berean, Tabakalerako erakusketa-espazioetan barrena egindako ibilbide zirkular batean antolatuta dago erakusketa, honako hauek birsortzen dituzten hiru ahots horietan islatutako hiru eremutan: iragana (C ahotsa, zahartzarokoa), oraina (A ahotsa, helduarokoa) eta etorkizuna (B ahotsa, gaztarokoa). Horien bidez, bisitariak bilduma baten denboraren eta historiaren hiru aro ezagutuko ditu.

Erakusketak 1.500 metro karratu hartzen ditu guztira, Tabakalerako lehen solairuan barrena ibilbide zirkularra osatzen duten 80 artistaren 107 lanekin.

Erakusketak zenbait egileren eta zenbait arotako hamaika busto eskultorikorekin ematen dio ongietorria bisitariari, eta horiek erretratuen izaera memoriala azpimarratzen dute; izan ere, munduaren eta aldi baterako gauzen hauskortasunaren aurrean, gure artean ez dagoenaren oroitzapena bizirik mantentzen dute. Memoria aldarrikatzen du, eta, iraganetik, beste denbora (bizien denbora) eta toki batera (etorkizuna) eramaten gaitu. Batzuk anonimoak eta data ezezagunekoak dira, eta, beste batzuk, berriz, artista ezagunek eginak: Francisco Durrio, Quintín de Torre, Josep Clara, Eduardo Arroyo. Irudietan garai batean ezagunak izan ziren pertsonak daude: Aurelio Arteta margolaria, Josephine Baker dantzari eta abeslari afro-amerikarra, eta baita ezezagunak ere. Hamaika bustoak Pausa pulsar ekoizpen berriarekin batera daude espazioan. Ekoizpen hori Ainara LeGardon artistak sortu du; konposizio bokal bat da, eta hainbat garai, tamaina eta ezaugarritako bozgorailuen bidez entzun ahal izango da. Horiek, era berean, busto hiztun gisa hartzen dira.

C ahotsa, zahartzarokoa

Lehenengo aretoan, Vicente Ameztoy, Ibon Aranberri, Bonifacio, Marta Cardenas, Juan Luis Goenaga, Susana Talayero edo Cy Twomblyren lanek iraganeko aro zaharkitua, baina ez amaitua, irudikatzen dute, zeinetan “izan zen hura” oraindik ez den guztiz igaro. Iraganeko presentzia materiala oraineko forma artistikoetan nabari daiteke: Joan Pieren Idoloa, Albertoren Otiaren emakumea, Elena Asinsen Zortzi menhir bidimentsional, eta Remigio Mendibururen Sustraiak. Eta sekularizatutako orainaren enigmak: Oscar Dominguezen Ehiztaria, eta Francis Baconen Irudia etzanda ispiluan, berriz, Erdi Aroko eskulturaren erritualaren eta mitoaren bidez irudikatzen dira (San Joan gurutzearen oinaldean, XIV. mendeko anonimo espainiarra), baita aldareetako margolanaren bidez ere (Grecoren San Frantzisko otoitzean), hau da, bizitza jainkotiarraren eta gizakiaren patuaren irudikapenen bidez.

A ahotsa, helduarokoa

Denbora heztea, unitate homogeneoetan banatzea eta modu arrazionalean antolatzea (zortzi orduz lan egiteko, zortzi orduz atseden hartzeko eta zortzi orduz aisialdia) XIX. mendeko iraultza industrialaren helburua izan zen, eta, gaur egun, oraindik ere, horren ondorioak bizi ditugu. Erakusketaren bigarren aretoa orainaldiari dagokio. Areto horretan, gizarte teknologiko eta industrialaren aginduak artista askoren lanean irudikatzen dira: Vicente Cutanda, Celso Lagar, Daniel Vazquez Diaz, Aurelio Arteta, Agustin Ibarrola eta June Crespo. Teknologia eta energia industriala sorkuntzarako indar ahaltsuak dira; gerra eta horren ondorioak albo-kalte garrantzitsuak: Goya, Anthony Caro, Mari Puri Herrero, Idoia Monton, Vicente Larrea, Iñaki Gracenea.

B ahotsa, gaztarokoa

Azkeneko aretoan ikusleek etorkizunaren ziurgabetasunari aurre egin beharko diote. Becketten antzezlanean gaztaroari dagokio, hain zuzen ere. Txomin Badiola, Fernand Leger, Markus Lüpertz, Nemesio Mogrobejo, Miren Arenzana edo Maria Helena Vieira da Silvaren artelanek erakusten dute artista garaikideek nola egiten dioten aurre artearen historiari (iragana eta horren mamuak) arte berri bat sortzeko. Zurbaranen Aurpegi Santuan, ordea, espektro itxura duen eta ez dagoen gorputz baten irudia betibiziko presentzia bihurtzen du artistak.

Dagoeneko aipatutako Ainara LeGardonen Pausa pulsar-ekin batera, bi artista garaikideri eskatutako beste bi lan ere aurkezten dira erakusketan: Ilke Gersen The Same Ground eta Jorge Moneoren Exergo. Lan horiek eten egiten dute museoko bildumako obren jarraitutasuna. Film-saiakera gisa, Exergok Bilboko Museoko pintura batzuen eta artistek beren lan profesionala garatzen duten inguruabar materialen arteko harreman hipotetiko batzuk planteatzen ditu, iraganekoak zein garaikideak. Gersen The Same Ground-ek, berriz, erakusketa-aretoaren kanpoaldeko zoruan eginak eta hizkiz, letra-zatiz, sinboloz eta zeinuz osatuak, hizkuntzaren eta keinuaren artean mugitzen den denbora-partitura gisa funtzionatzen du.

Charles Garrad zinema-zuzendari eta artista multimediaren That Time filmak (zeinak Samuel Becketten antzezlana egokitzen duen) ixten du erakusketa honen ibilbide zirkularra.

Zabaldu: