(argazkia: Tabakalera)

Tabakalerak ‘El sueño de la sultana’ erakusketari ateak ireki dizkio

Erakusketaren ibilbidea hainbat sormen-gunek osatzen dute. Besteak beste, Isabel Herguerak Indian 2005etik 2017ra egindako marrazkiak ikusteko aukera izango du bisitariak. Garai hartan hasi zen filma imajinatzen eta Indiako hiri handietako zalapartaren eta jendetzaren bitartez giroa eta bizitza mugimenduan antzematen. Akuarelan egindako marrazkiekin batera, soinu-instalazio batek filmeko eszenen lekuak ekarriko ditu gogora: Kalkuta, New Delhi, edo Ahmedabad. Proiektuak 2013an hartu zuen forma, artistak Indian eman zituen lantegi batzuen ondoren, eta ekoizpen-fasean sartu zen duela hiru urte baino gehiago.

Donostiako Tabakalera zentroak El sueño de la sultana erakusketa aurkeztu du eta, bertan, Isabel Herguera artista donostiarraren animazioko lehen film luzearen sorkuntza-prozesuan zehar egin den ibilbidea ikus daiteke. Filma Rokeya Hussain idazle bengalarrak idatzitako izenburu bereko ipuin feministan oinarrituta dago, eta Zinemaldiko Sail Ofizialean estreinatuko da aurki.

Erakusketa berria Tabakalerako 2. erakusketa-aretoan dago ikusgai, eta hainbat sormen-giroz osatuta dago, artistaren estudioa bera izango balitz bezala. Izan ere, filmaren zati handi bat sorkuntza artistikoa babestera bideratuta dagoen Tabakalerako Artisten Gunean landu da. Bertan, Herguerak eta haren taldeak hainbat alditan lan egin dute 2016. urteaz geroztik.

El sueño de la sultana erakusketaren ibilbidea hainbat sormen-gunek osatzen dute. Besteak beste, Isabel Herguerak Indian 2005etik 2017ra egindako marrazkiak ikusteko aukera izango du bisitariak. Garai hartan hasi zen filma imajinatzen eta Indiako hiri handietako zalapartaren eta jendetzaren bitartez giroa eta bizitza mugimenduan antzematen. Akuarelan egindako marrazkiekin batera, soinu-instalazio batek filmeko eszenen lekuak ekarriko ditu gogora: Kalkuta, New Delhi, edo Ahmedabad. Proiektuak 2013an hartu zuen forma, artistak Indian eman zituen lantegi batzuen ondoren, eta ekoizpen-fasean sartu zen duela hiru urte baino gehiago.

Erakusketan, halaber, aldi baterako tatuajeen (mehndi) teknikarekin egindako muralak ikusi ahal izango dira. Teknika hori milaka urte dituen artea da, eta hennarekin lantzen da. Horren bidez, artista batzuek bere buruaren erretratua egiten dute filmaren El país de las mujeres sekuentzian, 1905ean idatzitako Sultanas dream ipuinean Begum Rokeya Hossainek deskribatu zuen utopia feminista, film luzearen motorra izan dena.

Erakusketak animazioko film bat sortzeko prozesuaren fase guztiak islatzen ditu. Ideien eta erreferentzien bilketa moodboard tresnaren bidez, esaterako, gidoi grafikoa edo storyboard izenekoa eta animatika ere aipa daitezke. Azken honetan, soinua duten hainbat sekuentzia ordenatu eta animatu gaineratu dira.

Herguerak bere bidaia-koadernoak utzi ditu erakusketarako. Hauetan, artistak Marsillianan (Italia), Kolonian eta Donostian igarotako aldien storyboard ugari daude. “Leku guztietara eramaten dut nire koadernoa; zenbaitetan, koadernoa nirekin izate hutsak lasaitu egiten nau. Orrialde horiek zabaltzen ditudanean, etxean sentitzen naiz. Zenbaitetan, bakean nagoenean marrazten dut, baina gehienetan lasaitasunaren bila nabilenean. Marrazteko ekintza pribatua da, baina koadernoa amaituta dagoenean, ez dut nirea denik sentitzen. Nitaz askatu egiten da. Publiko bihurtzen da”, adierazi du artistak.

Txotxongiloek eta kartoi mehe beltzean eta landare-paperean egindako ebakin batzuek osatzen dute erakusketa. Bertan, multiplanoaren teknikari esker gainjarriak sortzeko prozedura ikusi ahal izango da. Pelikulatik baztertutako eszenak, testak eta bere garaian El sueño de la sultana sortze prozesuaren parte izan ziren frogak biltzen dituen bideo bat ere erakutsiko da. Gainera, jendeak errealitate areagotuko murgiltze-edukiak izango ditu eskuragarri mugikor edo tablet baten bidez.

Jarduera-programa

Erakusketak jarduera-programa zabala eskainiko du, besteak beste El sueño de la sultana pelikularen filmaketan parte hartu duen taldearen eskutik. Angel Peris artista bisualak, adibidez, Atlas. Artea paper gainean eta tinta txinatarrarekin tailerra eskainiko du, eta Izibene Oñederra eta Begoña Vicario zinegileek, berriz, animazioko film laburren saio batean parte hartuko dute. Gainera, bisita-solasaldiak, familiarteko arte-saioak, multiplano bat eraikitzeko tailer bat Laura Ibañezen eskutik eta zinema mintzatuko saio bat Herguerarekin berarekin egingo dira.

Zabaldu: