Martxoaren 30era arte egongo da ikusgai Tabakalerako 2 erakusketa-aretoan.
Eremu magnetiko lehor bat izenpean, urteko lehen erakusketa aurkeztu du Donostiako Tabakalera zentroak. Santiago F Mosteyrin artistaren erakusketa indibiduala da eta Garazi Pascual eta Ivan Gomez dira komisarioak.
Erakusketa-proposamenak hauskortasuna aztertzen du ikuspegi sentsorial, tekniko eta tematikoetatik, eta ikusgaiaren eta inplizituaren arteko harremanei buruz gogoeta egitera gonbidatzen du publikoa. Irudi anbiguo eta teknika sotilen bidez, F Mosteyrinek pertzepzioaren mugei aurre egiten dieten paisaia distortsionatuak sortzen ditu. Eremu magnetiko lehor bat-ean gaian nahiz teknikan aditzera ematen da hauskortasuna. Materialen urratuek eta higadurek forma zaurituez eta gorputz zatitu, erresistente eta sentsualez jositako geografia batean murgiltzera gonbidatzen gaituzte.
Artistaren lanak babesaren eta zaurgarritasunaren arteko paradoxa ere jorratzen du. Horretarako, erradiaziotik babesten duten “eremu magnetikoez” baliatzen da; hausten direnean, ordea, gizakiok berezkoa dugun ahultasuna uzten dute agerian. Hauskortasuna existentziaren berezko egoeratzat hartzera gonbidatzen ditu bisitariak.
Tabakaleraren komisariotza-egonaldiak egiteko deialditik sortutako erakusketa da hau. Deialdi horren helburua da tokiko eszena artistikoa sustatzea eta komisarioei eta artistei laguntzea, euren proiektuak zentroaren urteko erakusketa-programan sartuta.
Beste jarduera batzuk
Eremu magnetiko lehor bat erakusketaren inguruan hainbat jarduera osagarri antolatu dira, tartean bisita gidatuak eta arte garaikidera hurbiltzeko ikastaro bat.