Parte-hartzaileek bi hilabetez garatuko dituzte beren proiektu artistikoak Tabakaleran, eta ondoren landutakoa Artiumen jarriko dute ikusgai.
Artium Arte Garaikidearen Euskal Zentro-Museoak eta Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak Jardun Artistikoentzako Institutua (JAI) abiatu dute. Artistei zuzendutako ikasketa-programa da, eta uztailaren 1ean irekiko ditu ateak. Hala, praktika artistikoa izango da programaren muina, eta ikerketa, ekoizpena, pertzepzioa eta lan kritikoa sustatuko ditu.
Institutua ekimen berritzaile gisa sortu da, baina, aldi berean, Euskal Herriari lotutako testuinguru artistikoan errotuta. Arte garaikidean ezagutza transmititzeko tradizio berezia aitortzen dute bi erakundeek, eta etengabeko elkarrizketan oinarritutako programa pedagogiko eta esperimentala garatzeko asmoa dute.
Institutuak bi hilabetez, udako eskola baten moduan funtzionatuko du, baita truke eta gurutzaketa artistikoak garatzeko gune gisa ere. Uztailaren 1etik abuztuaren 28a bitartean garatuko da ikasketa-programa Tabakalerako Sortzaileen Gunean (3. solairua), eta ondoren fase publikoa izango du Artium Museoan. Honako hauek dira programaren lehen edizioan parte hartuko duten pertsonak: Akane Saraiva Rando (Galdames, 1997), Antonio Menchen (Toledo, 1983), Cécile Brousse (Frantzia, 1985), Ibon Landa Amutxategi (Gasteiz, 1994), Izaro Ieregi (Algorta, 1987), Charlotte Nordgren Sewell (Suedia, 1993), Diego Diez (Bartzelona, 1994), Rocío Agudo Martínez (Zaragoza, 1996), Mikel Escobell Castro (Arrasate, 1991) eta Jara Narvalaz (Iruñea, 1995).
Ibon Aranberri (artista), Itziar Okariz (artista), Asier Mendizabal (artista eta KKH, Royal Institute of Art de Stockholmeko irakaslea) eta Artium Museoko zuzendari Beatriz Herraez eta Tabakalerako Arte Garaikideko arduradun Oier Etxeberriak osatutako Ikasketa Batzordeak, aurkeztutako 55 proposamenetatik hamar aukeratu ditu. Hautaketa horren ondorioz sortu den “taldearen heterogeneotasuna” azpimarratu du batzordeak eta jatorri anitzeko pertsonek osatutako taldea izaki, artearen eta kultura garaikidearen inguruko ikuspegi eta sentsibilitate ugari batuko direla nabarmendu dute.
Artista bakoitzak, bi hilabetez, Tabakalerako hirugarren solairuko Sortzaileen Gunean lanerako bere espazioa izango du, bai eta eraikineko beste arlo edo laborategi batzuk erabiltzeko aukera ere, ikasleen esperientzia hobetzeko xedearekin. Gainera, parte hartzaileetako batzuk One Shot Tabakalera House hotelean izango dira programa garatu bitartean.
Irakasle taldeari dagokionez, gaur egun, bi erakundeen erakusketa-programetan eta programa publikoetan parte hartzen duten profesionalek osatuko dute. Tabakalerak eta Artium Museoak jatorri oso desberdineko ahots profesionalak deitu dituzte, praktika artistikoak mundu garaikideari begiratzeko duen ahalmena identifikatzeko eta beren lengoaien erabilerari buruzko harreman kritikoa ezartzeko gai direnak.
Planteatutako mekanika artista gonbidatu bakoitzak bere sormen prozesuen ikuspegi berezia ematea eragiteko diseinatuta dago. Horrek programaren metodologia tailerreko espazioan ehuntzen diren harremanen ondoan jartzen du, une eta egoera bakoitzean garatzen diren praktika zehatzetan, eta ez prozedura teoriko batean. Metodologia hori praktikan jarriko da ad hoc proposatutako ariketen, lantegien edo bestelako topaketen bidez.