Ekimenak lehentasuna emango die artearen eta aurrerapen kuantikoekin arteko elkarrizketaren ahalmena aztertzen duten proiektuei, hausnarketarako eta esperimentaziorako bide berriak irekiz.
Donostiako Tabakalera zentroak nazioarteko egonaldien deialdiaren bigarren edizioa iragarri du. Oraingo honetan, nabarmentzekoa da Madrilgo Goethe Institutuarekin eta Sonar+D-rekin abiatutako lankidetza estrategikoa. Sonar+D sormen-industrien, berrikuntzaren eta teknologiaren artean partekatutako espazioak aztertzen dituen Sonar jaialdiaren atala da, hain zuzen ere.
Deialdi honekin, Tabakalerak sormen-prozesuekin daukan konpromisoa indartuko du, maila kontzeptualean eta teknikoan laguntza integrala emanez. Ekimenak lehentasuna emango die artearen eta aurrerapen kuantikoekin arteko elkarrizketaren ahalmena aztertzen duten proiektuei, hausnarketarako eta esperimentaziorako bide berriak irekiz.
Aurtengo edizioaren berrikuntza nagusietako bat Sonar jaialdiarekin ezarritako lankidetza estua dela diote antolatzaileek. “Akordio horri esker, egonaldi-deialdian hautatutako proiektuetako bat gutxienez Sonar+D espazioan, Bartzelonan, aurkeztuko da 2025eko ekainaren 12tik 14ra bitartean. Gainera, aukeratutako proposamenek aldez aurretik proiekzio-plataforma bat izango dute ekainaren 6an eta 7an Tabakaleran egingo den Immaterial Jaialdian”.
Otsailaren 3ra arte zabalik
Deialdia AZTG ardatzean interesa duten artistei zuzenduta dago. Lau proiektu hautatuko dira, eta horietako bat gutxienez euskal arte-testuinguruari lotuta egongo da eta beste bat testuinguru alemaniarrari, Tabakalerak eta Madrilgo Goethe Institutuak kultur trukea sustatzeko duten konpromisoaren ildotik.
Egonaldiak 2025eko apirilaren 28tik ekainaren 8ra bitartean egingo dira Tabakaleraren instalazioetan, eta sei asteko iraupena izango dute. Hautatutako artistek baliabide teknikoak, laguntza artistikoa eta diru-laguntza izango dute euren proiektuak ekoizten laguntzeko.
Tabakaleraren eta Sonar+D programaren ordezkariek osatuko dute ebaluazio-batzordea. Honetan, besteak beste, proiektuen originaltasuna, kalitatea eta bideragarritasuna baloratuko dira, bai eta diziplinarteko elkarrizketari eta AZTG testuinguruari egiten dieten ekarpena ere. Proposamenak aurkezteko epea otsailaren 3an amaituko da, eta interesa dutenek Tabakaleraren webgunearen bidez eman beharko dute izena.