Tabakalerak ‘Larruak eta izurrak’ erakusketa hartuko du otsailaren 24tik aurrera

Bertan, June Crespo, Sahatsa Jauregi, Nora Aurrekoetxea eta Kimia Kamvari artisten lanak, bai eta Yael Davids, Iman Issa eta Lucia Koch nazioarteko artistenak ere egongo dira ikusgai ekainaren 2ra arte.

Donostiako Tabakalerako erakusketa-aretoak Larruak eta izurrak erakusketa hartuko du otsailaren 24tik aurrera. Bertan, June Crespo, Sahatsa Jauregi, Nora Aurrekoetxea eta Kimia Kamvari artisten lanak, bai eta Yael Davids, Iman Issa eta Lucia Koch nazioarteko artistenak ere egongo dira ikusgai. Gainera, erakusketak performancea eta arte eszenikoak bezalako esparruetako artisten eta kolektiboen arteko topaketak proposatuko ditu.

Laura Valles Vilchez erakusketa honetako komisarioaren arabera, “praktika eskultorikoak gorputzaren ezagutzarantz hartu du bidea gizakien, animalien eta makinen munduetan, eta hortik abiatuta, erakusketa honetan ezagutzera emandako eskulturen, instalazioen eta gailuen aniztasunak berreskuratu egin du ukimenarekin ezarritako lotura irmoa, laztan moduan edo ildoarekiko pultsio baten formalizazio moduan, hamarkadatan erakutsi duen desatxikimendu historikoaren ondoren. Bizi garen mundu konplexu honetako indarkerien ulertezintasunak, apatiak eta desadostasunak premiaz eskatzen dituzte ikasteko, bereizteko eta lankidetzarako beste modu batzuk”.

Oraingo honetan, zaintza eta indarkeria, eskulturaren logikei atxikiak, ahaidetasunak ezartzeko modu gisa ikusten direla dio komisarioak, hainbat materialaren bitartez: metala, hormigoia, erretxina, artilea, odol-hautsa, kaseina, kristala eta larruazala, besteak beste. Nora Aurrekoetxea, June Crespo, Yael Davids, Iman Issa, Sahatsa Jauregi, Kimia Kamvari eta Lucia Kochek ezagutzarekiko konpromisoa aztertzen dute, baliabideaz haraindi, jakintza diziplinarraren autoritateaz haraindi.

Vallesentzat “ukaezina da diziplina ezagutza ikuspegi holistikoaren faltan dagoela eta, aldiz, arlo jakin baten barruko gaitasun edo irakasbide anitzek eskaintzen dutela elkarrekin bat egiten dutenean. Metodo poliedriko honek, jatorrian antropologiaren arloan eta geroago etnografiarenean erabiliak, askotariko gaitasunak eta esperientziak aintzat hartuta, posizionamendu bat hartzea errazten du”.

Ildo horretan, artistek beren burua hezteko modu bitxi, arduratsu eta atsegin bat planteatzen dutela nabarmendu du Vallesek, “non forma ez datorren materiaren aurretik, Tabakalerako publiko desberdinak erakusketan parte har dezaten koreografo, zinemagile eta pedagogoekin kolaborazioan aritzeko proposamenen bidez”. Bere partaidetzazko izaera dela eta, Larruak eta izurrak erakusketak, azken batean, “imajinarioak eraikitzen ditu eta beste ikaskuntza-kode afektibo batzuk sustatzen ditu, Tabakaleraren testuinguruari adi daudenak”.

Zabaldu: