Rita Fabianak eta Ane Agirre Loinazek komisariatutako esposizioa Tabakalerako erakusketa-areto nagusian egongo da ikusgai ekainaren 14ra arte.
Tabakalerak Zineb Sedira (Paris, 1963) artista frantziar-aljeriarraren Standing Here Wondering Which Way to Go (Hemen zutik, zer bide hartu nire buruari galdezka) erakusketa ireki du. Honetan, Aljeriako, Afrikako kontinenteko eta diasporako hirurogeiko hamarkadako utopien inguruko hausnarketa proposatzen da, baita kultura eraldaketa sozialerako tresna gisa kokatu zuten nazioarteko askapen-mugimenduen inguruan ere.
Sediraren praktika artistikoak migrazioa, memoria eta kultur transmisioa ditu ardatz. Kontakizun kolektibo eta pertsonalen bidez (batzuetan autobiografikoak dira), historia ofizialeko narratiba nagusiak zalantzan jartzen ditu eta identitateari eta erresistentziari buruzko irakurketa berriak proposatzen ditu.
Artea, memoria eta erresistentzia
Aljer, estatu berriaren hiriburua, Afrikan kolonialismoaren aurka, inperialismoaren aurka eta independentziaren alde sortu zen mugimendu global askoren topagune iraultzaile gisa eratu zen. Erakusketak 1969ko Aljerreko lehenengo Kultura Jaialdi Panafrikarra (PANAF) du abiapuntu. Jaialdi horretan, Afrikako eta diasporako buruzagi politikoak, artistak eta intelektualak elkartu ziren. Aljer XX. mendeko hirurogeiko eta hirurogeita hamarreko hamarkadetako nazioarteko epizentro kultural eta politiko bihurtu zuen jaialdiak.
Antolatzaileek azaldu dutenez, erakusketak “arteak eta kulturak elkartasunerako, emantzipaziorako eta nortasun kolektiboa eraikitzeko tresna gisa duten funtzioa aztertzen du”. Testuinguru horretan, “1965ean Afrikako lehen zinemateka Aljerren sortu ondoren, zinema militantearen funtsezko gune bihurtu zen, nazioarteko koprodukzioak eta zinema politikoaren forma berriak bultzatu baitziren bertan”.
Erakusketaren pieza nagusia Festival panafricain d’Alger (1969) William Kleinek zuzendu eta Aljeriako Estatuak ekoitzitako filma da. Lan hori artxibo historikoa eta erakusketaren detonatzaile kontzeptuala da.
Izenburuari dagokionez, Standing Here Wondering Which Way to Go, Marion Williams gospel abeslari afroamerikarrak jaialdian bertan abestutako kantutik dator. Hainbat belaunaldi markatu zituen bilaketa eta konpromiso politikoaren uneari egiten dio erreferentzia esaldiak.
Lau eszena
Esposizioa bideoa, argazkia, objektuak, dokumentuak eta musika integratzen dituen instalazio gisa egituratzen da. Iragana eta oraina lotzen dituzten lau eszenatan antolatzen da ibilbidea:
- Way of Life (Bizimodua): eskala errealeko diorama bat da, eta Sediraren Londresko etxebizitza-aretoa irudikatzen du, hirurogeiko hamarkadako estetikan oinarrituta. Espazioa artxibo intimoa da, eta historia politikoa eta memoria pertsonala lotzen ditu.
- For a Brief Moment the World Was on Fire… (Une labur batez munduak su hartu zuen…) artistak bildutako aldizkariak, egunkari zatiak, argazkiak, adierazpen politikoak eta artxiboko materialak uztartzen dituen fotomuntaketa eta objektu sorta da. Lanak oroitzapen pertsonalak eta kolektiboak batzen ditu, eta Aljerren independentzia ondorengo urteetako sormen-energia ekartzen du gogora.
- We Have Come Back (Itzuli gara) artistaren protesta-abesti eta kanta militanteen biniloen bilduma pertsonalaren hautaketa da.
- Mise-en scène (Eszenaratzea): hirurogeiko eta hirurogeita hamarreko hamarkadetan Aljerreko Zinematekan proiektatutako film iraultzaileen negatiboekin eraikitako ikus-entzunezko pieza.
Egitasmoak, gainera, William Klein argazkilari eta zinemagile, Jason Oddy artista bisual eta idazle britainiar eta Nabil Djedouani zinegile eta ikertzaile franko-aljeriarraren lanak eta materialak biltzen ditu, baita zenbait egile aljeriar ezezagunen argazkiak eta Boubaker Adjali argazkilari eta ekintzaile antikolonialak Angolan eta Mozambiken 1970ean ateratako irudien aukeraketa bat ere.
Erakusketa Lisboako CAM – Centro de Arte Moderna Gulbenkian zentroarekin koproduzituta dago, iaz aurkeztu zen bertan eta Institut Françaisen laguntza jaso du.