(argazkia: Tabakalera)

Tabakalerako Ubik sorkuntza liburutegiak ateak irekiko ditu bihar, hilak 16

Zine-programazioari ere hilaren 17an ekingo diote berriro.

Azken bi asteotan Tabakalerako Ubik sorkuntza liburutegia mailegu eta itzulketa zerbitzuak eskaintzen aritu da, bihartik aurrera berriz, aurrerapauso bat eman eta liburutegi barruko espazioa zabalduko dute, zenbait murrizketekin, baina ohiko ordutegiarekin: 10:00etatik 20:00etara, asteartetik larunbatera, eta 10:00etatik 14:00etara, igande eta jaiegunetan.

Hala, erabiltzaileak Ubikera sartu ahal izango dira, leku seguru batera, non edukiera kontrolatuz eta higiene- eta babes-neurriak hartuz zerbitzu gehiago izango dituzten eskura:

– Liburutegira maskararekin sartu beharko dute eta materiala zuzenean kontsultatzeko eta modu autonomoan egiten diren maileguetarako segurtasun-neurriak bete beharko dira. Horrela, norberak hartu eta itzuli ahal izango ditu dokumentuak liburutegiko sarreran dauden automailegu-makinen bidez.

– Familientzat lau gune bereizi ezarri dituzte, liburutegiaz familia-unitatearekin bakarrik biltzeko eta gozatzeko. Egoera horretan, eta segurtasun-neurriak kontuan hartuta beti, liburu multzo bat jarriko da familien eskura eta baita jolas bat ere. Erabili ondoren, maileguan hartzen ez dutena berrogeialdian jarriko da. Gainera, familia bakoitzak bere materiala ekarri ahal izango du.

– Liburutegiko ordenagailuen zerbitzua berriro martxan jarriko da (edizioa eta Internet), baina gailu gutxiago izango dira erabilgarri eta pertsona bakarreko erabilerarako.

– Mahaien eta gainerako altzarien erabilera markatuta egongo da pertsonen arteko distantzia errespetatzeko eta, horrela, liburutegian irakurri, lan egin edo ikasi ahal izango da.

– Posta bidezko mailegu-zerbitzuak aktibo jarraituko du, eta, beraz, Ubik-era joan ezin dutenek, Tabakalera txartela baldin badute, EAEko edozein tokitan jaso ahal izango dituzte etxera helaraziko zaizkien edukiak.

Bestalde, itxialdian egin den bezala, Ubikek online jardueren programa egiten jarraituko du, Tabakalera Etxean-en videz.

Zinea berriz ere Tabakaleran

Tabakalerako zine-programazioa, berriz, hilaren 17an hasiko da berriro. “Zinezaleek, uda osoan zehar, astero bi zine emanaldiz gozatzeko aukera izango dute”, asteazkenetan eta larunbatetan. Ohi bezala 19:00etan izango dira saioak eta alarma-egoeraren ondorioz bertan behera geratu ziren hainbat ziklotako filmak berreskuratuko dira: R.W. Fassbinder, Zinearen historia etengabea, Kleber Mendonça Filho zuzendari brasildarrari eskainitakoa, Zinemaren historiak. Santos Zuzunzunegui, Eskolatik eta Zinema eta zientzia zikloetakoak, hain zuzen ere.

Berrikuntza gisa, zinearen itzulerak, Joanna Hogg zinegilearen atzera begirako osoa ekarriko du estreinakoz.

Zabaldu: