Cannesko Zinema Jaialdiko Classics sailerako ere hautatu dute Montxo Armendarizen pelikula.
Euskadiko Filmategiak Montxo Armendarizen Tasio filma zaharberritu du Boloniako Cinetecaren baitako L’immagine Ritrovata laborategietan, iazko urrian eta azaroan. Halaber, euskal zinemagintzaren funtsezko obra hori hautatu dute Cannesko Zinema Jaialdiko Classics sailerako; hain zuzen, datorren maiatzaren 14tik 25era bitartean ospatuko da festibala. Bertan, pelikula 4Kn ikusi ahal izango da. Tasio filmaren kopia zaharberritu berbera baliatuko dute irailean Donostiako Zinemaldiaren 72. edizioko Klasikoak saila zabaltzeko, jaialdi horretan estreinatu baitzen duela 40 urte.
Jatorrizko materiala Estatu espainiarreko Filmategian gordeta zegoen, eta handik egin zuen laborategietarainoko bidaia, joan den irailaren bukaeran. Bolonian, hura berraztertu, eskuz konpondu eta ultrasoinuekin garbitu zuten. Eskaneatu ostean, digitalki zaharberritu zuten: irudia egonkortu, eta marrak nahiz zikinkeria ezabatu zizkioten. Azkenik, kolorea zuzentzeari eta soinua zaharberritzeari ekin zioten; hain zuzen, Armendarizek berak ikuskatu zituen lan horiek bertatik bertara. Bolonian eman zuen denboraz gain, zuzendari nafarrak eta Euskadiko Filmategiko langileek prozesu osoa kontrolatu dute.
Cannes Classics sailerako hautatu dute Tasio, besteak beste, Napoleon (Abel Gance, 1927) eta beste film batzuekin batera. Adibidez, Gilda (Charles Vidor, 1946), Paris, Texas (Wim Wenders, 1984), Los siete samurais (Akira Kurosawa, 1954), Los paraguas de Cherburgo (Jacques Demy, 1964), Loca evasión (Steven Spielberg, 1974) edo Cuatro noches de un soñador (Robert Bresson, 1971). Izan ere, Estatu frantseseko zinema jaialdiaren sail horrek titulu klasikoak berreskuratzen ditu, eta, arlo horri dagokionez, munduko jaialdi garrantzitsuenen artean dago.
Euskadiko Filmategiak ahalegina egingo du euskal zinemagintzako film ikoniko hori zinema klasikoaren eremuan erreferentziazkoak diren beste hitzordu batzuetan ere proiektatu dadin. Irailean, Donostiako Zinemaldian egongo da ikusgai eta Klasikoak saila zabalduko du, zinema unibertsalaren historiako klasiko zahar eta modernoak berreskuratzen dituen saila, hain zuzen.
Bestalde, Tamasa banatzaile frantziarrak 2025ean Frantziako aretoetan proiektatzeko eskubideak erosi ditu.
Tasio filma
Pelikulak Tasioren bizitza irudikatzen du. Nafarroako Lokiz mendilerroan dagoen herri txiki bateko mutikoa da; zortzi urterekin hasten da mendiko lanetan, eta 14 dituenerako ikazkina da dagoeneko, aita bezala. Bizilagun askok lan finkoaren bila hirira alde egin arren, Tasiok nahiago du bere askatasunari eutsi eta mendian bizi. Anastasio Ochoa Ruiz (Tasio) ikazkin eta isileko ehiztariaren bizitza du oinarri filmak; gizon hura Zuñigan jaio zen 1916an, eta 1989an hil zen Valderrota mendian.