(argazkia: Tatxers, Nagore Chivite)

Tatxers talde gazteak izen bereko diskoa kaleratu du

Maketa eta EP bana plazaratu ondoren, Iruñeko hirukoak hauxe du lehen lan luzea. Orain arte salaketa sozialari buruzko gaiak jorratu izan badituzte ere, disko berrian barrura begira jarri dira taldekideak eta azken bi urte hauetan gertatu zaienari buruz kantatzen dute.

Tatxers taldeko kideak gazteak diren arren, are gazteago hasi ziren musikaren munduan, institutu garaian, hain zuzen. Martin Ziriza gitarra jotzaileak, Jon Salinas abeslari eta baxu jotzaileak eta Iñigo Soria bateria jotzaileak osatzen dute hirokoa eta Tatxers dute aurreneko lan luzea, aurretik maketa luzea eta EP bat kaleratu zuten 2020an eta 2021ean.

Hamaika abestik osatzen dute lan berria eta horiek guztiek estilo desberdinak jorratzeko ematen dutela diote Iruñeko musikariek. Hala ere, diskoak, oraingoan, popetik gehiago duela aitortu dute Euskal Herria Irratian egin dieten elkarrizketan. “Gitarrak garbiagoak dira eta melodia gehiago daude”, nabarmendu du Salinasek. Taldeak batez ere melodiei ematen die garrantzia, “melodiaren alde letra sakrifikatu behar bada egiten dugu”, aitortu du abeslariak.

Orain arte salaketa sozialari buruzko gaiak jorratu izan badituzte ere, disko berrian barrura begira jarri dira taldekideak eta azken bi urte hauetan gertatu zaienari buruz kantatzen dute. Hala, mina, edo maitasuna bezalako sentimenduak igartzen dira abestiak entzuterakoan.

Taldearen izen bera daraman diskoa Berako Atala estudioan grabatu dute 2022 eta 2023. urteen artean eta Iñigo Irazokiren laguntzarekin.

Zabaldu: