(Argazkia: ARGIA / CC BY SA)

Tinta morez eta horiz, Tupust! komiki antologia ixtera datorren hirugarren alea kaleratu dute

Lehen argitalpena osatzen zuten istorio guztiak ni-aren inguruan gorpuzten baziren eta bigarrena zu ideiatik abiatzen bazen, hirugarrena gu gaiaren bueltan ardaztu dute.

Komikia eta feminismoa uztartzeko asmoz,  Tupust! kolektiboak izen bereko antologia feministaren lehen alea argitaratu zuen duela bost urte. Emakumezko sortzaileei ikusgarritasun handiagoa ematea zuen xede egitasmoak eta bide beretik jarraituz, hirugarren argitalpena kaleratu dute orain.

Lehen argitalpena osatzen zuten istorio guztiak ni-aren inguruan gorpuzten baziren eta bigarrena zu ideiatik abiatzen bazen, oraingoan gu gaiaren bueltan ardaztu dute lana.

Antologia ixtera datorren liburua Euskal Herriko txoko ezberdinetako komikilarien lanak biltzen ditu tinta morez eta horiz.

Argitalpen berrirako 23 pertsona aritu dira lanean eta 21 emakume komikigileen lanak biltzen dira orotara. Horietako batzuek aurreko bi aleetan parte hartu zuten, baina beste batzuek ez. Hauek dira hirugarren alerako parte hartu dutenak: Ainara Azpiazu Aduriz Axpi, Ainize Sarasola, Ander Peretz, Andrea Ganuza, Araiz Mesanza, Arrate Rodriguez, Higinia Garay, Idoia Beratarbide Arrieta, Irati F.G. & Regina Salcedo, Irati Eguren Arruti, Jone Taberna, Loinaz Lekuona, Maider Leturiaga, Maitane Gartziandia, Maite Caballero, Maite Gurrutxaga & Irati Jimenez, Maite Rosende, Paula Estevez, Usue Egia, Sandra Garaioa eta Shu O.

Liburua Tupust! Kolektiboaren webgunean eskuratu daiteke, baina laster liburu denda guztietara iristea espero dute.

Zabaldu: