Azken urteetan ekoitzitako eta emakumeek zuzendutako bost euskal film eskainiko ditu jaialdiak World Focus sailean kokatuko den Euskal Leihoan.
36. Tokyo International Film Festivalek bere programazioan bost euskal film eskainiko dituela iragarri du. Euskal zinemaren erakusleiho hau Etxepare Euskal Institutuak Donostiako Zinemaldiarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin batera, TIFF-ekin egindako lankidetzaren ondorioa da. Tokion egingo den Euskal Leihoa Euskadi Japan 2023 programan kokatzen den ekintzetako bat da.
Asiako zinema jaialdirik garrantzitsuenetarikoa eta munduko esanguratsuenetarikoa, urriaren 23tik azaroaren 1era egingo da Japoniako hiriburuan. Euskal Leihoa World Focus sailean kokatuko da, munduko zinemaren egungo joerak islatzen dituzten filmak aurkezten dituena.
Iada ezaguna eta saritua izan den Estibaliz Urresola Solagurenek zuzendutako 20.000 especies de abejas japoniako estreinaldia izango du TIFF-eko Euskal Leihoan. Urresolaren opera primak ,hainbat aintzatespen jaso ditu izen handiko jaialdietan; hala nola, Berlinalen, Malagako Zinema Jaialdian, Hong Kong International Film Festivan edo Oscar sarietan aurre-hautaketan. Azken saria Donostiako Zinemaldiko Euskal Zinemaren Galan jaso du: Egile Berriak Saria, alegia. Filmak genero-nortasunaren gaia, transexualitatea haurtzaroan eta familiaren eta gizartearen egituren aniztasuna jorratzen ditu, besteak beste.
Bestalde, Isabel Hergeraren Sultanaren ametsa izango da euskal zinemari eskainitako atalean. Zuzendariaren lehenengo film luzeak Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialean lehiatzen ari da, eta Euskal Gidoi Onenaren Saria jaso berri du Euskal Zinemaren Galan. Hergeraren animaziozko filmak Ines zuzendari gaztearen ibilbidea kontatzen du. 1905ean, Rokeya Hossein idazle bengaliarrak Ladylandekin egin zuen amets, emakumeek gobernatutako lurralde utopikoarekin, eta handik mende batera, Inesek autoaurkikuntza-bidaia bati ekitea erabakitzen du, Rokeyaren aztarnei jarraituz eta Ladyland-en bila.
Jaione Cambordaren azken lana ere, O corno / The Rye Horn, Euskal Leihoaren parte izango da. Filma 71. Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialean lehiatzen ari da eta aurretik, Toronto International Film Festivalen parte hartu du. Galiziako landa-eremuan kokatzen den pelikula honek, ihes egindako emakume baten istorioa kontatzen du. Emakume horrek bere burua berrasmatu eta amatasun eta nortasun kontuei aurre egin behar die.
Rosa Zufia eta Bertha Gaztelumendi zuzendarien Arnasa Betean, emakume zinemagileak dokumentala ere ikusteko aukera egongo da jaialdian. Atzoko eta gaurko emakumezko euskal zinemagileak protagonista dituen eta gaiaren ikuspegi unibertsala erakusten duen dokumental honek nazioarteko estreinaldia izango du Japonian.
Azkenik, Silvia Muntek zuzendutako Las buenas compañías / In the Company of Women filma ere ikusteko aukera izango da. Iaz filmak Ikusleen Saria lortu zuen Giza Eskubideen 20. Zinemaldian. Francoren diktaduraren azken egunetan emakumeen eskubideen alde borrokan ari diren mugako euskal ekintzaile talde baten bizitza kontatzen du film luzeak.
Bestalde, Etxepare Euskal Institutuak ekitaldi bat antolatuko du Tokion urriaren 30ean bertako 36. Nazioarteko Zinemaldiaren baitan izango den Euskal Leihoa aurkezteko. Filmetako zuzendarietako batzuk eta erakundeetako ordezkariak izango dira euskal zinemaren industriaren topagunea izan nahi duen ekitaldian.