(argazkia: Loraldia)

Tradiziotik abiatuta, irakurketa garaikidea egingo du Neomak taldeak Bilboko Loraldian

Martxoaren 14an Neomak taldearen sorginkeriaz betetako musika disfrutatzeko aukera izango dugu Arriaga Antzokian, Loraldia Festibalaren barnean. Kontzertua hasi baino lehen Agurtzane Intxaurragak gidatutako saioa izango dugu,  Neomaken jarrera artistikoa hobeto ulertzeko.

Bilboko Loraldia euskal kultura tradizionala eta garaikidea uztartzen dituen jaialdia da, eta aurtengo edizioan egungo euskal musikaren panoraman talde ezagunenetariko bat izango dugu: Neomak. Martxoaren 14an, Arriaga Antzokian, zazpi emakume hauen doinuez gozatzeko aukera egongo da hamargarren edizioan.

Kepa Junkeraren “Sorginak” bezala ezagutu bagenituen ere, beraien proiektu propioa sortzea erabaki zuten. Antolatzaileek azaldu dutenez, “Neomak taldeak tradiziotik edaten du bai, baina musika eta doinu berriak sortzeko. Trikitia eta panderoa soinu elektronikoekin nahasten dituzte, sorginkeriaz betetako doinu berritzaileak sortuz. Loraldia Festibaleko oholtzan egongo dira aurten, eta eskainiko duten ikuskizuna zentzumen guztietarako ekitaldia izango da. Beren sormena askatuko dute, orain arte ezarritakoarekin hautsiz, eta soinu organikoak elektronikoekin uztartuz”.

Neomaken kontzertua hasi baino lehen Loraldiak saio bat eskainiko dio ikusle talde txiki bati. Agurtzane Intxaurragak gidatuko du ikusle talde hau, eta bertan Maurizia ezagutzeko aukera izango da. “Maurizia Aldeiturriaga azken hamarkadetan izan den herri musikaren aitzindaria izan zen. Gaur egun ditugun trikitilari eta pandero joleen iturria da Maurizia, eta XX. mendeko musikari honetaz gehiago jakiteko aukera izango dugu Loraldia Festibalean. Neomaken jarrera artistikoa ulertzeko Maurizia ezagutu eta ulertu beharra dago”.

Zabaldu: