Treba Nerabeak 12 eta 16 urte bitarteko neska-mutilei zuzenduta egongo da, eta haien garapen pertsonalerako tresnak ematea izango du helburu. Bestalde, prestakuntza-eskaintza osoa doakoa izango da, eta 230 ikastaro inguru eskainiko dira 2025ean, ongizate emozionalari, begirada kritikoari, sexualitateari eta bizitzarako trebetasunei buruz, adin-tarte bakoitzerako egokituta.
Treba, adingabeen eta haien gurasoen prestakuntzan eta ahalduntzean oinarritutako programa, aurkeztu du gaur Gipuzkoako Aldundiak. Bosgarren edizio honetan beste urrats bat eman nahi izan dute eta nerabeentzako lerro espezifiko berri bat sortu: “lehendik dauden Treba Gazteak eta Treba Gurasoak eskaintzei gehituko zaiena”.
Hiru talde hauen artean, 230 lantegi eta hitzaldi inguru eskainiko dira Gipuzkoako hainbat udalerri eta herri txikitan, eta osasun mentala, sexualitatea, pantailen erabilera edota nola landu adingabeen autoestimua dira landuko dituzten gaietako batzuk.
Gurasoentzako ikastaroak abian dira jada, nerabeentzako ikastaroak, berriz, apirilaren 7an hasiko dira, eta gazteentzakoak 11n.
Izen-emateari dagokionez, Treba Nerabeak eta Treba Gurasoak udalek eta Gaztelekuek kudeatuko dituzte, eta Treba Gazteak, berriz, Gipuzkoako Foru Aldundiak.
Martxoan, apirilean, urrian eta azaroan egingo diren hitzaldi eta tailerren programazioa Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria Zuzendaritzaren webgunean kontsulta daiteke.