Emakumeen lanek presentzia txikia zutelako sortu zuten kolektibo hau Donostian. “Gure bidea egin dugu eta oso harro gaude egindako bideaz, baina oraindik ere bazterrean jarraitzen dugu eta bide urratzaile gehiagoren premia dago”, adierazi dute.
Tupust! Euskal Herriko komikigileen kolektibo feministak agur esatea erabaki du hamar urteko ibilbidearen ondoren. Sare Sozialen bidez zabaldutako ohar batean eman dute jakitera erabakia: “bide aberasgarria bezain malkartsua izan da hamar urte hauetakoa; ilusioak eta proiektu bat aurrera ateratzeko grinak gorabehera emozionalekin eta ezjakintasunarekin topo egin dezakete: whatsapp burrunba, emailak, bilerak, erreginaldiak, onomatopeiak, gaia: ‘ni-zu-gu’, koloreak, pantoneak, duotonoak, kapak, kanalak, editore lanak, itzultzaileak, maketazioa, komikia, afixak, Txalaparta, pandemia, autoedizioa, ISBN-a, lege gordailua, aurresalmenta, banaketa, aholkularitza, ogasuna, ticketbai, fakturaBAI, aurkezpenak, solasaldiak, hitzaldiak…. eta BOOM!”.
Tupust! kolektiboko kideak 2016a hasi ziren biltzen komikigintzaren gaineko gogoeta egiteko asmoz. “Komikia eta feminismoa uztartzea; egileen arteko sare bat osatzea; sare hori lan eta proiektu berriak abiarazteko baliatu ahal izatea, izan ditzakegun zalantzak gainontzeko taldekideekin partekatzeko eta, azken finean, elkarri laguntzeko balio dezakeen komunitate bat sortzea; gure intereseko hitzaldi, erakusketa, egitasmo eta abarrak antolatzea eta sustatzea tartean, Tupust! komiki feministaren argitalpena bera”, izan dira kolektiboaren helburu nagusiak.
Emakumeen lanek presentzia txikia zutelako sortu zuten kolektibo hau. “Gure bidea egin dugu eta oso harro gaude egindako bideaz, baina oraindik ere bazterrean jarraitzen dugu eta bide urratzaile gehiagoren premia dago. Ni naiz, zu zara eta gu gara. Hau izan da gure ibilbidea eta *agur* esateko garaia iritsi da. Eta agian nork daki noizbait “komikilari haiek” izango gara”.