(argazkia: Txakur Gorria)

[BIDEOA] Txakur Gorria Sormen Kolektiboak ‘Orainmenean’ estreinatuko du bihar, Bilboko Euskararen Etxean

Kolektiboak bertsolaritzaren genealogia feminista “posible” bat landu du. Arratsaldeko 19:30ean aurkeztuko dute ikuskizuna Hi(ZKI)bridoak zikloaren baitan.

Txakur Gorria Sormen Kolektiboak Orainmenean izeneko ikuskizuna estreinatuko du, bihar, urriak 8, Bilboko Euskararen Etxean, Hi(ZKI)bridoak zikloaren baitan. Diziplina anitzeko kolektiboak bertsolaritzaren genealogia feminista “posible” bat landu du.

Kolektiboko kideen arabera, “bertsolaritzan beti kontatu izan da gizonezko bertsolarien historia. Hala ere, iritsi zaizkigun izen handi horien atzean arakatuz gero, hainbat eta hainbat plaza-andreren arrastoak agertzen dira”. Horregatik, Txakur Gorriak bertsolaritzaren hastapenetatik gaur arteko historia hori zalantzan jartzeko eta bertsolaritzaren genealogia feminista posible bat berridazteko ahalegina egin du, “ikusezin izandakoak ikusaraziz”. Emakumez osatutako bertso-saio honetan, bertsolariek genealogia horren parte diren datuak eta gertaerak izango dituzte kanturako abiapuntu. Gainera, berridatzitako historiaren mugarri ezberdinetan oinarritutako irudiak egongo dira erakusgai.

‘Orainmenean’ III. Lanku Bekaren emaitza da. Partaideek adierazi dutenez, “Lanku Bekari esker izan da posible guk buruan genuen egitasmoa aurrera eramatea. Orainmenean proiektua, berriz, ez da hutsetik sortzen, aurrez egindako lan baten jarraipena da, nolabait, eta bekak lagundu digu lan horretan gehiago sakontzen eta lan hori plazara eramaten”.

Sarrera guztiak salduta daude jada, baina emanaldia streaming bidez ere jarraitu ahal izango da, Euskararen Etxearen Youtube kanalaren bidez.

Zabaldu: