‘Txalupa’ abestiaren bideoklipa aurkeztu du Ines Osinagak, bertan Itziar Ituñorekin batera agertzen da

Musikari arrasatearra maiatzaren 31n izango da zuzenean, Andoiango Basteron, bere ahizpa kubatarrekin batera hau eta beste hamaika abesti kantatzen.

Iazko udara amaieran, Ines Osinagak, #itsasoadabidebakarra diskoa Euskal Herrian eta Kuban zuzenean aurkeztear zegoela, Txalupa abestiaren bideoklipa grabatu zuen. “Argi geneukan bidaiari buruzkoa izan behar zela, eta itsasoan busti behar ginela grabatzean. Behin Itziar Ituñorekin amets egin nuen, eta ametsetan txalupan agertzen zitzaidan… audio mezu bat bidali nion kontatzeko. Itziarrek zer erantzun, eta grabatu egingo genuela!”, adierazi du Osiganak. Beste bati begiratzean norbera topatzen duzuneko une hori irudikatu nahi izan zuten orduan. “Une hori, zeinetan elkarri bizitza salbatzen diogun”.

Bideoak “olatu eta erauntsi artean, arraunean ahizpekin ikusten ez den portu horren bila joan ginenekoa kontatzen du”, azaldu du musikariak

Hala, Getariako arraunlariek itsasora traineru handia sartu eta Izaro patroi zutela, zuriz jantzi ziren Osinaga eta Ituñorekin batera, “Yemayári deiadar bat da hau”.

Joseba Sarrionandiaren dira Txalupa kantuaren hitzak. “Oraindik gogoan dut 2011ko urrian testu hau lehenengoz irakurri nuenean nola barruan dardara bat sentitu nuen”, kontatu du Osinagak. Handik eta hiru urtera, Gosariak diskoan atera zuen abestiaren lehen bertsioa Gose taldearekin.

2022an, berriz, Olatu arteko txalupa arraroa ikuskizuna eskaini zuen herriz herri Sarrionandiarekin batera.

Arrasatearra maiatzaren 31n izango da Andoiango Basteron, “nire ahizpa kubatarrekin batera zuzenean egongo naiz hau eta beste hamaika abesti kantatzen. Itsasoak beldurra ematen didan arren, hau da horren bila noan bigarren aldia. Itsasoa da bide bakarra”.

Zabaldu: