Getxon (argazkia: Euskaraldia)

Txapa janzteko ordua heldu da

Ehunka ekitaldi antolatu dituzte herrietako Euskaraldia batzordeek. Atzo hasi zen ariketa masiboa, Euskal Herri osoan, eta milaka lagun aldi berean arituko dira hizkuntza ohiturak aldatzeko saiakeran. 11 egunetan txapa janzteko deia egin dute, euskaraz norekin hitz egin dezakegun identifikatzeko, besteak beste.

Euskaraldiak atzo izan zuen lehen eguna Euskal Herri osoan. Hamaika egunetan hizkuntza ohiturak euskarara ekartzeko ariketa egingo dute milaka belarriprest eta ahobizik. Antolatzaileek azaldu dutenez, “Euskaraldiaren helburua da Euskal Herriko txoko guztietan euskara gehiago erabiltzea, eta hori horrela izateko, garrantzitsua da herritarrek horretarako aukerak eta bilguneak izatea”. Hori lortzeko, beraz, Euskaraldia izango den egunetan, ekitaldiak antolatu dituzte, “Euskaraldia praktikatu eta bizitzeko, giro onean”.

Modu aktiboan parte hartzeko deia

Antolakuntzak modu aktiboan parte hartzeko deia egin du; izan ere, “ekitaldiok euskaraz gehiago eta jende gehiagorekin hitz egiteko aukera” direla azpimarratu dute.

Azkenik, txapa jartzearen garrantzia nabarmendu nahi izan dute antolatzaileek: “txapa ezinbestekoa da aurrean duzunak zurekin euskaraz lasai egin dezakeela jakiteko. Hala, gainera, hizkuntza-estresa –aurrean duzunarekin zein hizkuntza erabili behar duzun erabaki beharra, aldiro- murrizten da nabarmen”, azaldu dute.

Datozen egunetarako ekitaldi guztien zerrenda eta informazioa: https://euskaraldia.eus/agenda/ webgunean dago eskuragarri.

Zabaldu:

Utzi erantzuna