Lan berri honen unibertso musikala estilo urbanoetan oinarritzen da, alaitasun eta goxotasunezko hitzez jantzirik. Abestietan regetoia nagusi bada ere, pop, elektro-latino edo batxata bezalako erritmoak entzun daitezke.
Musikan hainbat bide jorratu ondoren proposamen berri batekin dator Gorka Rodriguez (Ukan, 2zio, Balas perdidas) abeslari getxoztarra. Txekoslobako du bere izen artistiko berria eta orain arte landu gabeko bide bat hartzera dator Behar duzuna izeneko lehen estudioko diskoarekin.
Lan berri honen unibertso musikala estilo urbanoetan oinarritzen da, alaitasun eta goxotasunezko hitzez jantzirik. Abestietan regetoia nagusi bada ere, pop, elektro-latino edo batxata bezalako erritmoak entzun daitezke. Aspaldian estilo hauetan ohikoak ez diren mezuak helarazi nahi ditu Txekoslobakok, eta horretarako errima eta hitz zuzenak darabiltza. Disko osoan zehar hitzek eta mezuek garrantzia duten arren, doinuek leku handia hartu dute oraingoan.
Abeslari bizkaitarrak jai giroari eta dantzari bidea ireki nahi izan die erritmo biziz osatutako lan honetan, eta Euskal Herrian pixkanaka hedatzen ari diren proposamen berri, desberdin eta anitzen artean kokatu nahi du bere burua.
Behar duzuna lana USB formatuan kaleratu du abeslariak eta bere webgunean eta zuzenekoetan eskuratu ahal izango da.
Diskoaren aurkezpen kontzertuei dagokienez, apirilaren 21ean Gasteizko Ardo ona tabernan izango da abesten, eta hilaren 29an, Bilboko Nave 9 tabernan.