(argazkia: Ikastolen Elkartea)

Txikipediarako 266 sarrera berri argitaratu dituzte 18 ikastolatako ikasleek

Sarrera berri horiek batez ere emakume zientzialarien biografiak dira.

Euskal Wikilariak elkarteak Txikipedian 250 sarrera berri idazteko erronka bota zuen, Ikastolen Elkartearekin batera garatutako Nik, zuk, guk… 250 bai? proiektuaren bitartez, eta hamazortzi ikastolatako ikasleek eutsi egin zioten. Sarrera berri horiek batez ere emakume zientzialarien biografiak izatea eskatu zitzaien. Aste Santuko oporraldiaren bueltan, langa hori gainditzea lortu dute.

Denetara 266 sarrera argitaratu dituzte hamazortzi ikastola horietako ikasleek. “Euskal Wikilariak elkartearen baieztapenaren zain, ikasleei luzatutako erronka, beraz, gainditu dutela esan daiteke”, adierazi du Ikastolen Elkarteak. Gainera, 250eko langa gainditzearekin nahikoa ez, eta 266 sarrera berri horiei gehiago erantsiko dizkiete hurrengo egunetan. Guztiak bukatuta, 290 sarrera inguru izango dira.

Otsailaren 9an ekin zioten hamazortzi ikastola horietako lehenek Txikipedian sarrera berriak sortzeko prozesuari. Ez zen ausaz aukeratu eguna, otsailaren 11n Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna ospatzen baita, eta erronkaren helburu nagusietakoa emakume zientzialariei buruzko sarrerak sortzea baitzen. Martxoaren 8an, Emakumeen Nazioarteko Egunean, Txikipedian 250 sarrera berri egiteko botatako erronkaren lehenbiziko balantzea egiteko konpromisoa hartu zen, sarrera gehienak emakumeei buruzkoak izatea nahi baitzen.

Ikastola horietako DBHko lehen eta bigarren mailetako ikasleak aritu dira sarrera berriak idazten. Sarrera berri horietatik 150etik gora emakume zientzialarien biografiak dira, baina beste emakume batzuenak ere egin dituzte (artistak, aktoreak, musikariak, legelariak, kirolariak…). Era berean, emakumeei buruzko sarrerak ekoizteaz gainera, euskarazko edukiak ugaritzea ere helburuetako bat zenez, irekia utzi zen gaiaren hautaketa, eta, horrela, badira baita ere, inguruko leku eta eraikin esanguratsuei buruzko sarrerak nahiz jaiei eta ikastolei buruzkoak ere.

“Hizkuntza gutxituek, eta horien artean euskarak, testuinguru digitaletan presentzia gutxi dute. Leku propio baten beharra dago. Sarean nabigatzeko hizkuntza ohituretan ere eragin nahi da, askotan nahi den hori euskaraz bilatzeko zailtasunak izaten baitira. Interneten, gainera, gizonezkoei eta emakumezkoei buruzko artikulu kopuruaren artean dagoen arrakala izugarria da”, azaldu du Ikastolen Elkarteak. Abiapuntu horretatik ekin zioten ikastola horietako ikasleek sarrera berrien sorkuntzari.

“Ekoizpenari, prozesuari eta kopuruei buruzko balantzea, berriz, motz geratzen da, prozesu honetan parte hartu duten ikasleen eta irakasleen konpromisoa, gogoa eta ilusioa aipatu gabe. Izan ere, euren parte-hartze aktibo eta proaktiboari esker, eurek sortu dituzten sarrera berri horiek guztiok kontsultatu ahal izango ditugu, guztion jakinmina asetzeko zerbitzura egongo dira, eta era berean, euskarak presentzia handiagoa izango du sarean eta emakumezkoen ikusgarritasuna areagotu egingo da”.

Zabaldu: