Txillardegi gogoratuko dute gaur eta igandea, Donostian

Gaur, osteguna, eta 12an, igandea, Txillardegi Udal Liburutegia Herri Ekimenak bi ekitaldi antolatu ditu.

Urtarrilaren 14an beteko dira zortzi urte Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi idazle eta ekintzailea hil zela. Urteurrena baliatuz, ekitaldiak egingo dituzte gaur bertan, 19.30ean eta igandean.

Txillardegi Udal Liburutegia Herri Ekimenaren eskutik, gaurko hitzordua arratsaldeko 19:30ean izango da Alde Zaharreko San Jeronimo kalean, Udal liburutegiko Kriptan. Bertan, Elixabete Garmendia kazetariak, Txillardegik idatzi zuen Santa Klara uhartea izena daraman liburua aurkeztuko du, uhartean bertan Txillardegiri ETBrentzat egin zion elkarrizketaren bideoa aurkeztuz. Horretaz gain, Parkea Bizirik Elkarteko J-G. de Vicente kide ekologistak, uharteko faroan Cristina Iglesias eskultoreak egingo duen obra jartzeak ekarriko dituen kalte ekologikoak azalduko ditu, Elkartean prestatutako bideoa eskainiz. Bizilagunekin Plataformako A. Arechaldek eta M. Agirrek bere aldetik, Udalak Santa Klara uhartean egin nahi duen proiektuaren azterketa egingo dute, Donostiak azken urteotan jasaten ari den hirigintza eraldaketaren logika ikuspegi kritiko batetik azalduz.

Urtarrilaren 12an, igandea, Josu Tellabide etnologoaren eskutik egingo dute aurtengo bigarren hitzordua. 11.30ean izango da Txillardegiren Antigua bigarren ibilaldi gidatuarekin. Aurtengoa, joan den urtean egindakoaren osagarria izango dela iragarri dute, baina ibilbidea aldatuta. 13:30ean berriz, ekitaldia egingo dute Txillardegi Plazan, duela bi urte margotutako horma-irudiaren aurrean. Bertan, Mikel Antza idazle antiguatarrak parte hartuko du, Eneko Sierra saxo jotzailearen laguntza musikatuarekin.

Zabaldu: