(argazkia: Soziolinguistika Klusterra)

Txillardegiren ‘Hacia una Socio-Lingüística Matemática’ liburuaren eskuizkribua Jakin Fundazioaren esku

Liburuak euskaldunen hizkuntzarekiko leialtasuna aztertzeko eredu matematikoa jasotzen du.

Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi-k eskuz idatzitako liburua da Hacia una Socio-Lingüística Matemática; SEI elkarteko Imanol Esnaolak koordinatu zituen argitaratu arteko lanak eta Jose Ramon Etxebarriak gainbegiratu zituen formula matematikoak. Elkarte honen ondare guztia Soziolinguistika Klusterrak jaso zuen modu naturalean erakundea bera eraldatzearekin batera. Orain, Soziolinguistika Klusterreko zuzendari Imanol Larreak Jakin aldizkariko zuzendari Lorea Agirre eta Jakineko lantaldearen eskuetan utzi du eskuizkribu gogoangarri hau. Oraindik aurrera, Jakin arduratuko da dokumentu originala gorde, kontserbatu eta zaintzeaz. Gainera, edonork ikusteko moduan dago eskuizkribua Txillardegiren obra digitalizatuta jasotzen duen webgunean: Hacia una Socio-Lingüística Matemática [Eskuizkribua] . 2000. 189 or.

Euskaldunon artean euskaraz egiteko joera dagoela uste zuen Txillardegi-k; askok uste baino handiagoa. Uste hori ez zetorren bat iritzi orokortuarekin: euskaldunen artean ere, erdara nagusitzen dela erabat. Usteetatik harago, eta ingeniaria izaki, ahalegina egin zuen euskaraz egiteko aukerei forma matematikoa emateko. Mintza-taldeen osaerari erreparatu zien eta gaitasunaren araberako aukerak aztertu zituen. “Euskaraz egingo bada, mintzo denak eta entzuten duenak, biek izan behar dute gutxieneko gaitasuna”, premisa horretatik, formalizazio eta sistematizazio matematikoaren bidez osatu zuen eredua.

1984an eredura sarrera-testu bat argitaratu zuen Txillardegi-k Udako Euskal Unibertsitatearen bidez: Elebidun gizarteen azterketa matematikoa. Sarrera bat. 1994an Xabier Isasirekin batera kokapen eta azalpen gehigarriekin liburua osatu eta, hau ere, UEUren bidez argitaratu zen: Soziolinguistika matematikoa. Baina, garai hartan, proposatutako ereduak ez zuen behar besteko oihartzunik lortu, egilearen ustez gutxienez. “Matematikoegia, akaso”. Euskal Herritik kanpo eremu zientifiko-akademikoan gaiarekiko arreta eskuratu nahian, eredua azaltzeko liburua gaztelaniaz osatu, berridatzi eta argitaratu zuen Txillardegi-k: Hacia una Socio-Lingüística Matemática.

Garatutako eredu matematikoak Txillardegi-ren ustea berretsi zuen. Liburuan esaten den bezala, euskararen ezagutzaren eta erabileraren arteko aldea “hiztunen arduragabekeria errudunaren” ondorio zela ukatzeko eman nahi zuen ezagutzera eredu matematikoa. Soziolinguistika klusterraren arabera, “gaur egun ere, erabileraren eta gaitasunaren arteko azterketak egiten ditugunean, ezinbesteko baliabidea da Txillardegi-k landutako soziolinguistika matematikoaren eredua”.

Zabaldu: