‘Txoria buruan eta ibili munduan’, bakarkako lehen diskoa plazaratu du Bixente Martinezek

Oskorri taldearen kantak moldatu ditu gitarra-jotzaile eibartarrak. Orotara hamalau abesti biltzen ditu LP eta CD formatuan argitaratutako lanak.

Ibilbide luzea du egina Bixente Martinez gitarra-jotzaileak (Eibar, 1954). Oskorri taldearen sortzaileetako bat izan zen Natxo de Feliperekin eta Anton Latxarekin batera, ondoren, Hiru Trukun aritu zen Joseba Tapia eta Ruper Ordorikarekin eta Amaiur Cajaraville eta Hasier Oleagarekin Igelaren Banda sortu zuen gero.

Bost hamarkadako ibilbidea eta taldean hainbat disko argitaratu ondoren, Txoria buruan eta ibili munduan diskoa du bere bakarkako lehen lana. Elkar argitaletxearekin argitaratu du eta Oskorriren errepertorioko kantuetan oinarritu da. Orotara taldearen hamalau kanta moldatu ditu. Andres Camio Elkar diskoetxeko kideak azaldu duenez, “disko instrumentala da, eta lan bat egin du Bixentek doinu horiek nolabait biluzteko, kantu horien esentziaren bila joan, eta hortik aurrera moldaketa berriak egiteko”.

Lan honen ideia iazko itxialdian sortu zitzaion musikariari. “Denok etxean sartuta egotera behartuta egon ginen une haietan, gitarra hartu eta doinu eta aire ezberdinekin hasi nintzen jolasten. Eta oso modu naturalean Oskorriren kantu hauek etorri ziren nire eskuetara”. Aita semeak, Txalopin txalo, Gu gaituzu Oskorri eta Axuri beltza dira moldatu dituen abestietako batzuk.

Martinez zuzenekoetan aurkezten hasi da diskoa, aurrenekoa asteburu honetan eskaini du Getxoko Muxikebarri zentroan eta hurrengoa Zarauzko Modelo aretoan izango da urriaren 15ean, arratsaldeko 20:00etan.

Zabaldu: